Politika -
Hauteskundeak prestatzen
Mayor Oreja: "Gobernua eta ETA negoziatzen ari dira"
"Toxikatzeari" uzteko eskatu dio Jose Blanco Sustapen ministroak Mayor Orejari. ETArekin negoziaketen "bigarren zati bat ez" dagoela erakusteko eskatu dio Iturgaizek Espainiako Gobernuari.
Erredakzioa
Gobernu Sozialistak eta ETAk negoziazioaren "bigarren atala" abian dutela adierazi du Jaime Mayor Orejak, Alderdi Popularrak Europar Parlamentuan duen ordezkariak. Gobernuak 2012ko hauteskunde orokorrak irabazteko "ETAren laguntza" nahi duela esan du.
PPko eurodiputatuak negoziazio prozesuan "bi data nagusi" zehaztu ditu. Batetik, 2011ko udal-hauteskundeetan ETA "presente egotea" bilatuko dute, eta bestetik, trukean, ETAk Jose Luis Rodriguez Zapaterori 2012ko hauteskunde orokorrak irabazten lagunduko dio.
Mayor Orejaren hitzetan, "Zapateroren proiektua eta ETArena aliatu potentzialak" izateak eragin du lankidetza hori, biek ala biek "Espainia ahultzea" baiute helburu.
Eurodiputatu popularraren ustez, "zantzu guztien arabera, nazioarteko bitartekariak lanean ari dira", eta atxiloketek "ez dute inoiz galarazi gatazka konpontzeko prozesua", gaineratu du.
Gobernua
"Intoxikatzeari" uzteko eskatu dio Jose Blanco Sustapen ministroak Mayor Orejari. Ildo horretan, PSOE eta PP ETAren kontra elkarlanean jarraitzen dutela esan du.
"Gezurren eta iruzurren bidezko endreduak eta intoxikazioak alde batera uzteko" gomendatu dio Blancok Mayor Orejari.
"Mayor Oreja bere kasa dabil", esan du ministroak. "Isilik egoteko gomendatzen diot; bestela, bere adierazpenengatik errieta egiteko eskatu dio Rajoyri", erantzun du Blancok.
Erreakzioak
Adierazpen hauen aurrean, deigarriena EAEko PPko presidentearena izan da. Antonio Basagoitik Mayor Orejaren iritziaren aurrean "errespetua" adierazi du, baina, "gaur egun" bai Espainiako Gobernuak eta baita sozialistek ere ETAren "suntsipena" bilatzen ari direla azpimarratu du.
"Nik eginak begiratu behar ditut, eta eginen arabera, PSErekin daukagun ituna, eta Estatuko politikaren arabera, ETAren suntsipena bilatzen ari dira".
Bestalde, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Mayor Orejaren adierazpenak "oso larriak" direla esan du. "Arazo bat dauka, eta begiratu beharko luke", gaineratu du.
Jaime Mayor Orejaren adierazpenak babestu ditu Carlos Iturgaiz PPko eurodiputatuak eta ETArekin negoziaketen "bigarren zati bat ez" dagoela demostratzera desafiatu du Gobernua, Diputatuen Kongresuan, 2005ean, lortutako akordioa atzera bota dezan eskatuz. Akordio horrek ETArekin kontaktuak izatea baimendu zuen.
Iturgaizen hitzetan, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Exekutiboak orain arte jarrera ez aldatu izana ETArekin negoziaketa berriak direnaren "froga ukaezina" da.