Politika -
Ustezko iruzurra Araban
Iñaki Nafarratek ordezkatuko du Alfredo de Miguel Aldundian
Arabako Foru Aldundiak Iñaki Nafarrate izendatu du ustezko ustelkeria kasu batean nahastutako Alfredo de Miguelen ordezko Arabako Administrazio Lokaleko diputatu gisa.
Erredakzioa
Iñaki Nafarrete egungo Lurralde Antolamendurako zuzendaria izango da Alfredo de Miguelen ordezkoa Arabako Foru Aldundian Administrazio Lokaleko diputatu karguan. De Miguelek joan den ostegunean dimititu zuen, ustezko ustelkeria kasu batean nahasi ondoren.
Joan den asteazkenean hartu zuen atxilo Ertzaintzak De Miguel beste zazpi lagunekin batera, eroskeria eta diru-zuritzea leporatuta. Atxilo hartutako guztiak fidantzarik gabe baina karguekin aske utzi zituzten.
Oraindik ez dute argitu egozten dizkieten delituak zeintzuk diren, izan ere, sumarioa sekretupean dago.
Alfonso Arriolak Herri Kontuen Euskal Epaitegiko aholkulariak eta Aitor Telleria Arabako EAJko Zuzendaritzaren kideak ere dimisioa aurkeztu zuten.
Izendapen honekin, Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusiak (EAJ) "amaitutzat" eman nahi izan du "kapitulu triste" hau, erakundeak eguneroko lanekin jarraitu ahal izateko, "ezer gertatu ez balitz bezala".
Agirrek prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean, EAJk eta EAk osatzen duten Foru Gobernuko diputatu guztiekin batera, De Miguelen ordezkoaren berri emateko.
Bere hitzetan, epaileak auzia sekretupetik kendu arte ez du erabakiko ikerketa batzordea sortuko duten, "hasiera batean" ez baitago argi gertatutakoak zerikusia duen Aldundiarekin edo erakundeak akusazio izan behar duen prozesu judizialean.
Nafarrateren ibilbidea
Nafarrate maisu industriala da eta kooperatibismoaren munduan egin du ibilbidea. Zortzi urtez Aramaioko (Araba) alkate izan zen, eta alkateorde beste lauz.
Gainera, Arabako foru diputatu izan da legegintzaldi batean, eta legebiltzarkidea bi urtez.
Telleriaren kargu uztea
EAJko Arabako Buru Batzarrak (ABB) Aitor Telleriaren kargu uztea onartu du. Ildo horretan, sumario-sekretua kentzeko eskatu dute, gertaerak argitzeko eta "akusatuei eta beraien familiei konponbiderik gabeko kalteak saihesteko".
ABBk batzartu ostean komunikatu batean jakinarazi duenez, epaiketa paraleloak ez egiteko eta errugabetasun-presuntzioa errespetatzeko eskatu dute.