Politika -

Batzarra Sarkozyrekin Parisen

Zapatero: "ETAko kideak atseden barik jazarriko dituzte Frantzian"

Frantziako presidentea eta Jose Luis Rodriguez Zapatero ETAk joan den astean hildako poliziaren hiletan izan dira. Ondoren, bilera egin dute Parisen, ETAren aurkako politikari buruz hitz egiteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jean-Serge Nerin polizia frantziarraren hilketa deitoratu egin dute Espainiak eta Frantziak, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan. Baina "benetako egonezina" ETAko kideek sentituko dutela esan du; izan ere, "atseden barik jazarriko dituzte".

Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin bildu ostean, Zapaterok mezu hori plazaratu du Pariseko Eliseoko Jauregian.

"Atsekabe handia dugu polizia frantziarraren heriotzagatik, baina ETAko kideak dira urduri egon behar direnak. Atsedenik gabe ETAren atzetik ibiliko gara, herrialde honetan ETAren presentzia eta bizitzarekin bukatu arte", adierazi du.

Bestalde, Frantzia ETAren "atzealdea eta basea" ez dela izango ohartarazi du gaur eguerdian Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak. "Terrorismoak ez du inoiz Frantzia izutuko", gaineratu du.

Jean Serge Nerin jendarmearen hiletan zehar egin ditu adierazpenak Frantziako presidenteak. Sarkozyrekin batera, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentea ere hiletan egon da, eguerdiko 12:00etan.

Frantziako poliziaren hilketa "zigorrik gabe" ez dela geldituko azpimarratu du. Bere hitzetan, Frantziak ETAren base guztiak "errotik aterako ditu". "Terrorismoak ez du inoiz Frantzia izutuko".

Zapaterori eta Rubalcabari eskerrak luzatu dizkie hiletan egoteagatik. "Inoiz baino gehiago, Frantzia Espainiako demokraziaren ondoan egongo da".

Ondoren, presidente biek elkarrekin bazkaldu dute, ETAren kontrako borrokari buruz aritzeko.

Hileta eguerdian egin dute, Melunen, Paris hego-ekialdean. Zapatero Parisera joan da hegazkinez eta handik Melunera joan da Sarkozyrekin.

Eguerdiko 12:00ak zirenean, Zapatero eta Sarkozy Melungo Gobernu ordezkaritzan sartu dira, eta poliziaren familia agurtu dute (jendarmeak lau seme-alaba zituen).

Agurra egin ondoren, Frantziako himno nazionala entzun dute, eta minutu bateko isilunea egin dute. Ondoren, poliziaren hilkutxa ekarri dute lankideek.

Zapateroz gain, Michele Alliot Marie Frantziako Justizia ministroa, eta Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroa eta Brice Hortefeux Frantziakoa bertaratu dira. Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien artean, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua eta Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentea joan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea