Politika -

Lehen lehendakaria

Erakundeak eta alderdiak bildu ditu Agirreren omenez egindako mezak

Ekitaldian, besteak beste, Jose Antonio Ardanza lehendakaria izan da. Haren lehen agerraldi publikoa izan da bihotzekoak eman zionetik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Agirre lehendakariaren omenez egindako mezan alderdi politikoetako eta euskal erakundeetako ordezkari asko izan dira gaur Begoñako Baselizan (Bilbo). Agirre Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria izan zen eta duela 50 urte hil zen.

Ricardo Blazquez Bilboko gotzainak, ehun bat apaizekin batera, eman du meza. Era berean, Bilboko Abesbatzak eta Bilboko Txistularien Bandak parte hartu dute.

Meza amaitu ostean, Beti Jai Alai dantza taldeak Begoñako Andra Mari zortzikoa dantzatu du.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Rafael Bengoa Osasun sailburua eta Miguel Angel Fernandez Espainiako Gobernuaren ordezkariordea Bizkaian, besteak beste, ekitaldian izan dira.

Ardanzaren lehen agerraldia

Carlos Garaikoetxea, Juan Jose Ibarretxe eta Jose Antonio Ardanza lehendakariek parte hartu dute. Martxoaren 3an, bihotzekoak eman zionetik Ardanzaren lehen agerraldia izan da gaurkoa.

Jose Luis Bilbao, Xabier Agirre eta Markel Olano Bizkaiko, Arabako eta Gipukoako diputatu nagusiak ekitaldian izan dira. Era berean, Iñigo Urkullu EAJko presidenteak eta Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusiak parte hartu dute.

''Agirre lehendakariaren Batzordeak AL 50'' antolatu ditu ekitaldiak, Agirre Parisen (1960) hil zela 50 urte bete baitira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea