Politika -
Ustezko iruzurra Araban
"EAJk ez du ezer ezkutatzeko", Urkulluren esanetan
EAJren presidenteak kasua sekretupetik ateratzeko eskatu du. Horrez gain, PP eta Eusko Alkartasuna "sarraskijaleak" bailiran jarduten ari direla salatu du.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak itxaropena agertu du Arabako ustezko iruzurra "ezerezean" geratuko dela eta Justiziari "azkar jokatzea" eskatu dio, "auzipetuen, politikaren eta Justiziaren onerako".
Horrez gain, sumarioa sekretupetik "ahalik eta azkarren" ateratzeko eskatu du, susmagarriek ustez egindako delituak zeintzuk diren jakiteko.
ETBn egindako elkarrizketa batean, Urkulluk PPk eta EAk auzi honetan erakutsi duten jarrera kritikatu du. "PPk badu ispilua non begiratu eta ea EAJk bezala jokatzeko gaitasuna duen", esan du.
"Norbaitek EAJren aurka zerbait salatu behar badu, badaki zein bidetik jo behar duen, sarraskijale politikoak izan beharrean eta doilorkeriaz jokatu beharrean, kasua sekretupean dagoela aprobetxatuta", azpimarratu du.
Era berean, Eusko Alkartasunaren jarrera ere kritikatu du, "EAJren aurka denak balio duelako".
Bestalde, Urkulluk onartu du ustezko iruzur kasu batean nahasita agertzea "printzipioak eta erantzukizunak dituen alderdi batentzat gauzarik okerrenetarikoa" dela. Alabaina, auzipetuen errugabetasun-printzipioa babestu du eta etikaz jokatzearen alde egin du EAJren irudia zaintzeko.