Politika -
Ustezko ustelkeria Araban
Arabako PPk Alfredo de Miguelen aurkako txostenak aurkeztu ditu
Txostenak Arabako Merkataritza Erregistrokoak dira, eta De Miguel foru diputatua zenean, merkataritza jarduera pribatuetan ere aritzen zela frogatuko lukete.
Erredakzioa
Arabako PPk salatu du Alfredo de Miguel foru diputatu ohiak "bateraezinak" diren karguak zituela, hots, foru diputatu zenean merkataritza jarduera pribatuetan ere aritzen zela, eta bi txosten aurkeztu ditu hori frogatzeko.
De Miguelek dimisioa aurkeztu zuen joan den astean, beste zazpi pertsonarekin batera auzipetuta baitago ustezko ustelkeria auzi batean, funtzionario-eroskeria, dirua zuritzea eta eragimen-trafikoa egotzita.
Javier de Andres Arabako PPko idazkari nagusiak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean, eta aipatu txostenak banatu dizkie kazetariei.
Txostenak Arabako Merkataritza Erregistrokoak dira, eta 2006tik De Miguel Landaburu Etxea SL enpresako administratzaile bakarra dela eta 2007tik Eskalmelo S.L. konpainiako ahalduna dela frogatuko lukete.
Lehen enpresa "eraikuntzaren sektorekoa" da eta "higiezinak salerosten" ditu. Bigarrenaren zeregina "etxeak eta ingeniaritza zibileko obrak egitea" da.
De Andresek azaldu duenez, foru araudiak debekatu egiten du kargu pribatua izatea foru diputatu izanez gero.
Dena argitzeko helburuz, PPk ekimen batzuk erroldatu ditu Arabako Juntetxean, Xabier Agirre ahaldun nagusiak agerraldia egin dezan "lehenbailehen", De Miguelek kargu pribatua eta publikoa zituela bazekien azaltzeko.