Politika -
Ustezko ustelkeria Araban
Urkulluren "maltzurkeria" eta "eraso funsgabea" kritikatu ditu EAk
EAJk hasieran "zero tolerantzia" eskatzen zuen ustelkeria kasuen aurrean, "eta orain ikertzea eskatzen duena zekentzat eta zitaltzat jotzen dute", EAren arabera. "Zer aldatu den" ez du ulertzen EAk.
Erredakzioa
EAJren kontrako kritikak areagotzeagatik Eusko Alkartasuna "zekena eta zitala" izan dela adierazi du Urkulluk ETBn egindako elkarrizketan. EA "orbana alderdi guztian zabaltzen saiatu" dela salatu du EAJko ordezkariak, baina EAko "foru diputatuen konpromisoan" konfiantza duela erantsi du.
Urkulluren adierazpenei erantzun die EAk komunikatu baten bidez eta "zer aldatu den" ulertzen ez duela azpimarratu du. EAren hitzetan, EAJk hasieran "zero tolerantzia" eskatzen zuen ustelkeria kasuen aurrean, "eta orain ikertzea eskatzen duena zekentzat eta zitaltzat jotzen dute".
"Diru-kutxa publikoekin harremana" izan ote duen argitzeko eskatu dio Eusko Alkaratasunak EAJri. Arabako zortzi jeltzale ezagun funtzionario-eroskeriagatik, kapitalak zuritzeagatik eta eragimen-trafikoagatik inputatu ostean garbiketa bat egitea eskatu dio EAJri.
EAJko eta EAko zuzendaritzak bihar edo ostiralean bilduko dira seguruenik eta Arabako Foru Aldundiko gobernuan jarraitu ala ez erabakiko du Eusko Alkartasunak, EAJk hartzen dituen neurrien eta ematen dituen azalpenen arabera.