Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
PPko bururen batek Orejaren hitzak "gaitzestea" espero du Pajinek
PSOEren Antolakuntza idazkariak uste du eurodiputatuak ETA-Gobernua negoziazioei buruz egin zituen adierazpenak "onartezinak" direla. Blancok dio Orejak "Stockholm sindromea" duela.
Erredakzioa
Leire Pajin PSOEren Antolakuntza idazkariak espero du "datozen orduetan" PPren buruzagiren batek Jaime Mayor Oreja eurodiputatuaren hitzak "gaitzetsiko" dituela, ETAren eta Gobernuaren arteko negoziaketei dagokionez.
Buruzagi sozialistak "gezurra" esatea leporatu dio Mayor Orejari, eta jarrera horrek Europar Batasunean "Espainiako herritarren ordezkari izateko" gaitasuna kentzen diola gaineratu du.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean Pajinek adierazi duenez, "oso suminduta" eta "atsekabetuta" dago herritarren ordezkari batek "gezurra" esaten duelako.
Horren harira, Pajinek PSOEk Europako Parlamentuan aurkeztuko duen ekimena azpimarratu du, "Europako herritarren ordezkariek Mayor Orejaren jarrera zein den ikus dezaten". "Ez dut ulertzen demokraten batasuna hausteko asmo hori eta gutxiago PPren isiltasuna, izan ere, berehala atera behar ziren Mayor Orejaren hitzak gaitzestera eta oraindik zain gaude", azaldu du buruzagi sozialistak.
Blancok ere gogor kritikatu du
Jose Blanco PSOEren idazkariorde nagusi eta Sustapen ministroak esan du Barne ministro ohiak "Stockholm sindromea edo iritzi desegokiak izatea eragiten dion beste sindromeren bat" duela.
Sustapen ministroaren esanetan, "sindromeren bat" izan behar du buruzagi popularrak, eta "zuhurtzia" izateko aholkua helarazi dio, "bere garaia amaitu" delako.