Politika -
Ekitaldia
Eusko Legebiltzarrak ETAk hildako jendarmea omendu du
Ekitaldia terrorismoaren biktimak oroitzeko monumentuaren aurrean egin dute, eta Frantziako Poliziaren ordezkariek ere hartu dute parte.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak Jean-Serge Nerin, joan den astean ETAk Parisetik gertu hildako jendarmea, omendu du gaur eguerdian, Gasteizko Ganberaren kanpoaldean egindako ekitaldi batean.
Omenaldia terrorismoaren biktimak oroitzeko monumentuaren aurrean egin dute, eta bertan lore-sorta bat jarri dute, agentearen argazki baten azpian.
Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako, Legebiltzarreko talde guztietako, Ertzaintzako, Espainiako Poliziako, Guardia Zibileko eta Frantziako Poliziako ordezkariak izan dira.
Besteak beste, Gerard Gillonneau Frantziak Bilbon duen kontsul nagusia eta patronaletako, sindikatuetako eta biktimen elkarteetako ordezkariak ere joan dira.
Une batean "Agur Jaunak" kanta ere jarri dute.
Parte-hartzaileek elkarretaratzea egin eta gero, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak talde guztiek "aho batez" martxoaren 18an onartutako adierazpena irakurri du, euskaraz eta gaztelaniaz.
Testuan, Ganberako taldeek hilketa gaitzetsi dute, eta "maitasuna, hurbiltasuna eta elkartasuna" adierazi diete jendaremaren senideei eta lankideei.
Gainera, hilketa gaitzesteko egitekoak diren ekitaldi guztietan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
ETAk hildako pertsonak omentzeko Eusko Legebiltzarrak egindako seigarren ekitaldia izan da gaurkoa. Azkena iazko abuztuaren 3an egin zuten, Carlos Saenz de Tejada eta Diego Salva ETAk udan Mallorcan hildako guardia zibilen oroimenez.