Itxi

Politika

Lehen ekitaldia, Donostian

Polizia indarkeriaren 187 biktima aintzat hartuko dituzte gaur

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Jaurlaritzak 1960 eta 1978 urteen artean polizia indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen biktimak izan ziren 187 laguni izaera hori aitortuko die gaur, Kursaalen, egingo duten ekitaldian.

  • 1976ko martxoaren 3an Gasteizen eraildako langileen omenez egindako manifestazioa. EFE

    1976ko martxoaren 3an Gasteizen eraildako langileen omenez egindako manifestazioa. EFE

Eusko Jaurlaritzak 1960 eta 1978 urteen artean polizia indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen biktimak izan ziren 187 laguni izaera hori aitortuko die gaur, Donostian, Kursaalen, egingo duten ekitaldian. Hain justu, 1960 eta 1978 urteen artean giza eskubideak urratu zitzaizkiela, eta, ondorioz, 2012/107 Dekretuaren babesean, polizia indarkeriaren eta gehiegikeriaren biktima izaera aitortuko zaizkie, Iñigo Urkullu lehendakaria buru izango duen ekitaldian.

Aitorpen ekitaldi hori giza eskubideen urraketak jasan dituzten onartu gabeko biktimei ordaina emateko proposamenei buruzko jardunaldiaren esparruan egingo da. Biktima hauei egingo zaien lehen ekitaldi instituzionala izango da gaurkoa.

Jonan Fernandezek zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkazkaritzaren ekimenez egingo den ekitaldia 09:30ean abiatuko da. Ekimenak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren proiektuaren barruan daude, eta bere leloaren mamia hartzen dute: "Elkarrekin bizitzeko kultura". Programak aitormenezko hiru ekitaldi aurreikusten ditu: terrorismoaren biktimei, frankismoko biktimei eta 107/2012 dekretuaren babesean dauden biktimei. Fernandezez gain, Monika Hernandok, Josean Perezek, Sabino Ormazabalek, Ana Perez Machiok, eta Jon Mirena Landak hartuko dute parte.

Biktimen omenez, musika ekitaldia izango da eta lekukotzak entzun ahal izango dira. Lehendakariaren hitzaldiak emango dio amaiera ekitaldiari.

187 biktima

Eusko Jaurlaritzak 1960 eta 1978 urteen artean polizia indarkeriaren biktimak izan zirela aitortu die 187 pertsonari.

Balorazio Batzordeak Eusko Legebiltzarraren esku utzitako txostenaren arabera, 239 pertsonak eskatu dute polizia indarkeriaren eta gehiegikerien biktima izaera aitortzeko; 187 eskaera onartu egin dituzte; 52, berriz, atzera bota dituzte, dokumentazioa epez kanpo entregatzeagatik edo 1960 eta 1978 urteen arteko giza eskubide urraketak ez zirelako.

Duela zortzi hilabete inguru eskatu zion Egiari Zor elkarteak lehendakariari, ETAren biktimekin egin zuen bezala, Estatuaren eta poliziaren indarkeriaren biktimen aldeko ekitaldi publikoa egitea.

Hilketak, torturak eta sexu-erasoak

Donostian gogoratuko dituzten 187 biktimetatik 30, Estatuko segurtasun indarrek hil zituzten, tiroz; eta beste 55  balaz zauritu zituzten. Manifestazioetan, errepideetako kontrolguneetan eta bestelako liskarretan jazo ziren.

Gainera, 72 lagunek tratu txarrak eta torturak pairatu zituzten, Espainiako Poliziaren komisariatan edo Guardia Zibilaren kuarteletan atxilotuta egon zirenean.  Bestalde, %7k zauritu egin zituzten, manifestazioetan gomazko pilotak eta ke-potoak jaurtita.

Testuinguruari dagokionez, indarkeria kasu gehienak (72) modu arbitrarioan egindako atxiloketetan eman ziren; beste 31, berriz, manifestazioetan.

Kontrolguneetan ere eskubide urraketak izan ziren, bereziki Guardia Zibilak modu indiskriminatuan tiro egiteagatik.

Aipatzekoa da, baita ere, komisariatan sexu-erasoak eman zirela, tartean bortxaketa bat gutxienez.

Inpunitatea

Francoren erregimenak 60ko hamarkadan praktikatuta errepresio bortitzak eskubide urraketa kasuen ugaritzea ekarri zuela dio txostenak.

Eraso gehienak 1975 eta 1978 urteen bitartean eman ziren, tartean daude 1976ko martxoaren 3ko gertakariak: bost langile hil zituen Poliziak Gasteizen.

Aipatu abusuak “indiskriminatuak” zirela, indarkeria kasuak “askotarikoak” zirela eta erantzuleek “inpunitatea” zutela azpimarratzen du dokumentuak.

Eusko Jaurlaritzak orain aurkeztu duen txostena, esan bezala, 1960 eta 1978 urteen artean polizia indarkeriaren biktimen inguruko da.

Joan den abenduan, berriz, 1979-1999 epealdian izandako polizia indarkeriak biktimak aintzat hartzeko lana hasi zuen, gaur aurkeztutakoari jarraipena emateko asmoz.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena