Politika -
Ustezko ustelkeria kasua
EAk jarraitu egingo du Arabako Foru Aldundiko Gobernuan
EAJrekin koalizioan jarraituko du EAk, epaileak sumario-sekretua kendu bitartean gutxienez. Gainera, Independentistak sareak Aberri Egunerako deitu dituen ekitaldiekin bat egin du alderdiak.
Erredakzioa
Eusko Alkartasunak Arabako Foru Aldundiko Gobernuan jarraituko du, EAJrekin koalizioan, epaileak ''De Miguel auziko'' sumario-sekretua kendu bitartean gutxienez. Orduan ezagutu behar baitute inputatutako jeltzaleei buruz informazio guztia, ustez eragimen-trafikoa, kapitalak zuritzea eta funtzionario-eroskeria egiteagatik.
Orduan EAk berriz aztertuko du egoera eta behin betiko erabaki bat hartuko du, EAJren irmotasuna eta argitasuna kontuan hartuta.
Ustezko ustelkeria kasu batengatik EAJko kargu batzuen kontra egindako operazioaren ostean, Arabako egoera politikoa aztertu du gaur EAko zuzendaritza nazionalak. Zuzendaritzako kideak bildu ostean, Peio Urizar EAko idazkari nagusiak prentsaurrekoa eman du Gasteizen.
Auzia hasi zenetik "argitasun" printzipioa defendatu dutela azaldu du Urizarrek eta orain itxaron behar dela esan du. "Bilera bat eskatu genuen, egin zen eta azalpen batzuk eman ziren, eta orain itxaroten ari gara". "Sumario-sekretua kendu bitartean egoera ez da argituko eta orduan jarrera bat hartuko dugu",adierazi du.
Aberri Eguna
Gainera, Alderdien Legearen aurrean indar abertzaleen Aberri Egun "bateratu" bat egiteko deia egin du EAko idazkari nagusiak, eta Independentistak sareak egun horretarako deitu dituen ekitaldiekin bat egin du.
Independentistak plataformak antolatutako Aberri Egunari ofizialki babesa eman dio Urizarrek. Ezker abertzaleak ekitaldi horietan parte hartzea aurrikusita dago.
Zuzendaritza nazionalak erabakia hartu du eta Batzar Nazionalak berretsi du, azaldu duenez. Independentistak sareak apirilaren 4rako Hendaian (Iparralde) eta Irunen (Gipuzkoa) deitu dituen martxetan parte hartzeko dei egin dio EAko militantziari. Era berean, Oiartzunen (Gipuzkoa) egin beharreko bazkarira joateko eskatu die jarraitzaileei.