Politika -
Igandean
EAk eta EBk ETAren mugimenduren bat espero dute Aberri Egunerako
Larrazabalek (EA) uste du ez dela "kasualitatea" Bruselan ETAri su-etena iragartzeko egin zioten eskaria eta elkarrizketaren aldeko adierazpena, eta igandean "berriak" espero ditu, Aranak bezalaxe.
Erredakzioa
Igandean ospatuko den Aberri Egunerako bost egun falta direnean, badirudi berritasunen bat izan daitekeela ETAren baitan, adierazpenen bat egin dezakeela nazioarteko zenbait eragilek, Bakearen nobel saridunak tarteko, atzo ETAri su-etena eskatu eta elkarrizketaren aldeko apustua egin ostean.
Hala adierazi dute Euskadi Irratiako solasaldian Jesus Mari Larrazabal EAren legebiltzarkideak eta Mikel Arana EBkoak.
Lehenengoak adierazi duenez, "zain gaude ezker abertzaleak zer egiten duen". "Jende askok esaten du Aberri Egunean berriak egongo direla. Ez zait iruditzen kasualitatea denik Europako Parlamentuan atzo egin zuten adierazpena, mamitua den zerbait izango dela baizik", Larrazabalek azaldu duenez.
Mikel Aranak, bere aldetik, esan du igandean "berriren bat" izan daitekeela. "Adi egon behar dugu eta erantzukizunez jokatu. Ezin ditugu exijitu, ez batek ez besteak, bete ezin daitezkeen baldintzak", gaineratu du EBren legebiltzarkideak.