Itxi

Politika

1976KO MARTXOAREN 3A

Martxoaren 3ko gertakariak salatzea aztertuko du Gasteizko Udalak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen ustez, babesetik eta berdintasunetik jokatu behar da biktima guztiekin, errespetua eta justizia merezi dutelako.

  • Bihar tragediaren 40. urteurrena beteko da. Argazkia: EITB

    Bihar tragediaren 40. urteurrena beteko da. Argazkia: EITB

Martxoaren 3ko gertakariengatik kereila aurkeztea proposatu du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, eta Udalak jarri egingo du, alderdi politikoek babestuz gero. Urtaranek bide penala hasi nahi du epaitegietan.

1976ko martxoaren 3an, Espainiako Poliziak bost langile hil zituen, San Frantziskoren elizan batzarra egiten ari zirenean.

Aurten, sarraskiaren 40. urteurrenean, alkateak Bozeramaileen Batzordea deitu du. Frankismoaren krimenak argitzeko Argentinan zabalduta dagoen kereilaren alde agertzeko aukera ere planteatu du Urtaranek.

Alkatearen hitzetan, proposamen horiek “inpunitatea amaitzea” dute helburu.

Gorka Urtaranek bi bilera egin ditu, Frankismoko Krimenen aurkako Euskal Plataformaren eta Martxoak 3 elkartearen ordezkariarekin eta Frankismoko Krimenen aurkako Argentinako Koordinakundearen abokatuarekin, Argentinan zein Europar Batasunean zabalik dagoen prozesu judiziala zertan den azaltzeko. Bilerak amaitutakoan, Gasteizko alkateak Bozeramaileen Batzordea deitu du.

“Berdintasuna eta babesa”

Batzar horretan, alderdi guztiek aho batez onartu dute justizia egin behar dela Frankismoko eta 1976ko martxoaren 3ko biktimekin. Duela 40. urte, Gasteizko Zaramaga auzoan, San Frantzisko Asiskoaren omenezko elizan, ehunka langile batzartuta zeudela, Poliziak eraso egin zien. Ondorioz, bost pertsona hil ziren, eta 100dik gora zauritu.

Urtaranek adierazi duenez, “biktima guztiek jakin behar dute Udalak ez duela bereizketarik egiten. Guztiak dira berdinak, eta egia, justizia eta erreparazioa merezi dute”.

Udaleko alderdiek alkatearen proposamena babestuz gero, mozioa aurkeztuko dute martxoaren 18ko osoko bilkuran, eta bertan berretsiz gero, ekimen judizial bikoitza bultzatuko dute.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena