Politika -

ETAko ustezko kidea

Zengotitabengoa Portugalen epaituko dute lehendabizi

ETAko ustezko kidea Espainiari entregatzea onartu du Portugalgo Justiziak, baina lehenengo Portugalen ustez egindako delituengatik epaituko dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Zengotitabengoa ETAko ustezko kidea Espainiari entregatzea onartu du gaur Portugaleko Justiziak, baina Portugalen ustez egindako delituengatik epaituko dute lehendabizi, izan ere, Obidosen ETAren lehergai gordeleku bat ezartzen laguntzea leporatzen diote.

Lisboako Auzitegiak hartu du erabakia, Espainiako Justiziak Zengotitabengoa atxilotzeko agindua eman ostean. ETAko ustezko kidea martxoaren 11n atxilotu zuten Portugalgo hiriburuan Caracasera ihes egiten ari zenean, mozorrotuta eta Mexikoko pasaporte faltsu batekin.

Garikoitz Garcia Arrieta eta Iratxe Yañez Ortiz de Barron ETAko beste bi ustezko kideak Espainiari berehala entregatzea onartu zuen Auzitegi berdinak otsailaren 25ean. Biak urtarrilaren 9an atxilotu zituzten Portugalen, Espainiako Poliziaren kontrol batetik ihes egin ostean. Ustezko bi ETAko kideek erabakiari helegitea aurkeztu zioten Portugalgo Gorenaren aurrean.

Zengotitabengoa ustez Oier Gomez Mielgo ETAko ustezko beste kidearekin batera izan zen Obidoseko etxebizitzan, Poliziak tona bat lehergai baino gehiago eta lehergailuak egiteko elementuak aurkitu zituen bertan.

Terrorismoa praktikatzea eta laguntzea egotzi dio Lisboako Auzitegi Zentralak (TCIC) Zengotitabengoari, Obidoseko lehergaiekin erlazioa duelakoan, eta Espainiako Justiziak igorritako akusazioak direla-eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea