Politika -

Aberri Eguna

ETAk Frantziako Poliziari egotzi dio jendarmearen aurkako tiroketa

Azaldu duenez, "agente batek lurrean zegoen kide baten ondora hurbildu eta bi tiro egin zituen". Gainera, erantzun armatuaren desaktibazioak ez duela gatazka politikoa konpontzen azpimarratu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk Polizia frantziarrari leporatu dio martxoaren 16an Dammarie-lès-Lysen gertatutako tiroketa, non jendarme bat hil zuten, Aberri Egunaren inguruan goizaldean Garak aireratutako agirian agertzen denez.

Halaber, ETAren komunikatuaren arabera, bandaren gogoz kontrakoa izan zen Frantziako poliziaren heriotza eta, haren esanetan, agente batek armarik gabe eta lurrean zegoen kide baten ondora bi tiro egin zituen.

Agirian agertzen denez, Frantziako poliziak ETAren lau kide bahitu zituen Dammarie-lès-Lys herriko baso batean. ETAko kideak neutralizaturik zituztela, polizia batek bi tiro egin zituen lurrean zegoen kide baten ondoan, nahiz eta "ez-ematera" izan.

Ondoren, inguruan zeuden beste hiru kide hurbildu ziren "tiroen hotsak larriturik". Bertara heltzerakoan "ohartarazpen argia egin zieten Frantziako poliziei: armak bota eta handik alde egin zezatela, enfrentamendu oro ekidin asmoz. Bi poliziak atzera egin zuten bitartean, besteek aurre egiteko jarrera hartu zuten, heldu berri ziren kideei armekin apuntatuz eta tiroketari bide emanez".

Gobernuak gogoeta

ETAk Frantziako gobernuak eta herritarrek hausnarketa sakona egin beharko luketela esan du, "Espainiako gobernuaren mozkorraldi errepresiboak nora eraman nahi dituen".

Azkenik, "erantzun armatuaren desaktibazioak ez duela gatazka politikoa konpontzen" argitu nahi izan du bandak. "Munduko beste gatazken konponketa prozesuetan bezala gurean ere alde guztietako konpromisoak eta bermeak" behar dira, "irtenbide sendo eta iraunkorra bermatuko duen agertoki demokratikoa" eraikitzeko.

Nazioarteko esparrua

"Nazioarteko agendan indartsu agertzen da euskal gatazka konpontzearen beharra", bandak agirian aipatu duenez. "ETAk, konponketaren giltza Euskal Herrian dagoela jakin arren, garrantzitsutzat jotzen du nazioartearen inplikazioa eta hurrengo hausnarketetarako bildu ditu nazioarteko eragileek luzatutako iritzi eta ekarpenak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea