Politika -
Eleak-Libre mugimendua
Martutenera martxa, AP-8a ixteagatik akusatutakoei babesa emateko
Epaiketara ez agertzeagatik hiru gazte atxilotu eta Logroñoko eta Valladolideko espetxeetara eraman dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Dozenaka lagunek parte hartu dute 2007an Zarautzen AP-8 autobidea mozteagatik atxilotutako hiru gazteen alde Martuteneko kartzelara egindako martxan. Akusatuetako hiru gazte atxiotu zituzten pasa den astean epaiketara ez azaltzeagatik, eta Logroñoko eta Valladolideko espetxeetara eraman zituzten. Protestan parte hartu dutenek "desobedientzia" aldarrikatu dute "eskubide zibil eta politikoen urraketa orori erantzuteko".
Eleak Libre mugimenduak deitu zuen gaurko martxa bost akusatuetako hiruren atxiloketaren berri izan ondoren. 2007an Zarautzen AP-8 autobidea blokeatzea leporatuta epaitu behar zituzten asteazkenean, baina ez ziren epaiketara azaldu.
Zehatz-mehatz esateko, bost akusatuetako bi agertu ziren epaiketara eta, ondoren, azaldu ez ziren hirurak atxilotu egin zituzten: Ainara Ladron, Aritz Azkona eta Naroa Ariznabarreta.
Azken hiru horiek martxoaren 18an epaituko dituzte.
Gaurko martxako parte-hartzaileek atxilotuen askatasuna eskatu dute eta hiru gazte horiek jarraitu beharreko eredu direla nabarmendu dute. "Bidegabekeria bati desobedientziaren eta ekintza zuzenaren bitartez erantzuten jakin izan dezue, demokrazia honetan legea desobeditzeak ondorio errepresibo larriak dituela jakinda ere", adierazi dute.