Politika -
Hiru milioi euro
Sabino Arana Fundazioari ordaindutakoa azaltzeko eskatu du Aresek
Artxibo batzuk zaintzeko Fundazioari "ordaintzeko presaka zergatik ibili ziren" azaltzeko eskatu die Herrizaingo sailburuak aurreko Jaurlaritzako arduradunei.
Erredakzioa
Boterea utzi baino lehen, artxibo batzuk zaintzeko Sabino Arana Fundazioari hiru milioi euro "ordaintzeko presaka zergatik ibili ziren" azaltzeko eskatu die Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak aurreko Exekutiboko arduradunei. Dagoeneko artxibo horiek Eusko Jaurlaritzaren esku egon behar zirenean, Aresen ahotan.
Sailburuak azaldu duenez, artxibo horiek "aspalditik" Gasteizko Exekutiboaren eskuetan egon behar ziren. "Ordaintzeko presaka ibili ziren eta ez artxibo horiek bereganatzeko eta zaintzeko. Egun batetik bestera egin ziren txostenak daude, ohikoa hilabeteak ematea denean, eta lehendakari berria hautatu baino egun bat lehenago ordaindu zuten. Presaka zergatik ibili ziren azaldu beharko lukete", erantsi du.
Aurreko Exekutiboko arduradunek Gobernu Kontseiluan komunikabideei informaziorik zergatik ez zieten eman argitu beharko lukete, Rodolfo Aresen hitzetan.
EAJ
Enpresen blindatzearen gaian bere "isiltasuna" eta "erantzukizuna ezkutatzeko filtrazioak" egitea egotzi dio Iñigo Urkullu EAJko presidenteak Patxi Lopez lehendakariari. Gainera, Fundazioari egindako ordainketa hitzarmen "garden" baten ondorio dela adierazi du Urkulluk, Eusko Jaurlaritzari emandako zerbitzuengatik, "eta ez EAJri".
PP
Bestalde, aurreko Eusko Jaurlaritzak Sabino Arana Fundazioari emandako "pribilegiozko tratua" salatu du Leopoldo Barreda PPko bozeramaileak eta Patxi Lopez lehendakariaren agerraldia eskatu du bere jarrera azal dezan.