Politika -
Barne krisia
Pablo Iglesias erkidegoetako idazkariekin elkartuko da gaur
Gaur arratsaldean elkartuko dira Podemosen erkidegoetako idazkariak Pablo Iglesiasekin, jarraitu beharreko estrategiaz gogoeta egiteko, "arreta guztiz desbideratzen" ari direlakoan.
agentziak | erredakzioa
Gaur arratsaldean, 16:00etatik aurrera, elkartuko dira Podemosen erkidegoetako idazkariak Pablo Iglesiasekin, jarraitu beharreko estrategiaz gogoeta egiteko, "arreta guztiz desbideratzen" ari direlakoan.
Atzo Laura Perez Nafarroako Podemosen buruak Foru Parlamentuan azpimarratu zuenez, "arazoa ez da Podemos".
Horren harira, "tentsio uneen" ondorioz desadostasunak sortu direla azaldu zuen, "gobernua osatzeko testuinguruan ardura handia" dagoelako, baina gero "konpondu" egiten direla.
Bescansa, PSOEren aurka
Bestalde, Carolina Bescansa Podemosen Analisi idazkariak PSOEri leporatu zion alderdi barruko zatiketaren diskurtsoa sustatzea eta "Podemos asko" daudela zabaltzea.
"Ez dira gai azaltzeko zergatik duela bi hilabete eskuindarrak zirela esan zutenekin akordioa egin duten eta zergatik ez diren esertzen aldaketarako alderdiekin gobernu bat osatzeko… baliteke bi edo zazpi Podemos daudela adierazteko interesa izatea gu ahultzeko", adierazi zuen Bescansak RNEn.