Politika -
Hiru milioi euroren ordainketa
Atutxak ukatu egin du Fundazioak dirua era irregularrean jaso izana
Sabino Arana Fundazioko presidenteak esan du dirua jasotzeko prozesua "gehiegi mantsotu" zela, 2006an hasi zelako, eta ez zela "azkartu".
Erredakzioa
Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidenteak ukatu egin du Fundazioak, Eusko Jaurlaritzaren dokumentuak gordetzeagatik, iaz jaso zituen 3 milioi euroak modu irregularrean jaso zituela. Era berean, argi adierazi du dirua kobratzeko prozesua ez zela "azkartu" Jaurlaritza berria iritsi aurretik, "gehiegi mantsotu" zela deritzo, 2006an hasi zen eta.
Onda Vascari eskainitako elkarrizketa batean Atutxak adierazi duenez, ez dute legez kanpoko ezer egin eta azpimarratu du inork ez duela horrelakorik aipatu. Sabino Arana Fundazioaren presidenteak esan du "batzuentzat azkarregia den" tramitazio erritmo batetaz soilik hitz egin dutela.
Horren harira, kontrakoa dela adierazi du Atutxak, Sabino Arana Fundazioarentzat "gehiegi mantsotu" zela hiru milioi euroak jasotzeko prozesua. Izan ere, 2006 hasieran jarri omen zen martxan prozesua, Kultura Sailarekin orduan jarri omen ziren harremanetan.
Atutxak azaldu du 1966tik 1992ra EAJk gorde dituela Jaurlaritzari zegozkion dokumentuak Baionan, 1992tik 2009ko maiatzaren 15era, Jaurlaritzari eman zioten arte, Sabino Arana fundazioari egokitu zitzaiola dokumentuak ordenatzeko, gordetzeko eta ikertzaileen esku uzteko lan "neketsua".
Era berean, zalantzan jarri du inork pentsa dezakeela 2006ko uztailaren 26an Fundazioak 2009ko hauteskundeetan pentsatu zuela eta orduan PPk eta PSEk akordioa egin eta Jaurlaritza eskuratzeko aukera kontuan hartu izana.