Politika -

Gürtel auzia

Cospedalentzat ez dago trabarik Barcenasek senatari gisa segitzeko

Popularren idazkari nagusiak uste du "ongi" legokeela, "horretarako du-eta kargua". Hala ere, ez du argitu Popularren Taldean sartuko ote duten independente moduan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Dolores de Cospedal PPren idazkari nagusiak gaur adierazi duenez, "ez dago oztoporik" Luis Barcenasek Senatuko Popularren Taldean jarrai dezan, nahiz eta independente moduan egon, eta gaineratu du Goi Ganberaren Araudia errespetatuz egin beharko lukeela.

Cospedalek esan du ''Gürtel auzia''n auziperatuta dagoen Barcenasek bere eserlekua mantentzen duela Senatuan, Kantabriako ordezkari gisa, eta hori "ongi" dagoela deritzo, "horretarako du-eta kargua".

Haren esanetan, "logikoa denez" eta PPko militante izateari utzi ondoren, talde parlamentarioaren diruzain kargua utziko du eta, independente gisa Popularren Taldean edo Talde Mistoan sartuko ote den galdetuta, "Goi Ganberako Araudiaren arabera" egin beharko duela erantzun du.

Era berean, PPko kide izateari utzi dionez alderdiaren egoitzan zuen bulegoa galdu duela iragarri du.

Defentsaren abokatua

PPk Barcenasen abokatuari ordaintzen jarraituko ote duen ere galdetu diote, eta Cospedalek esan du alderdiak erabakiko duela, baina horrek ez duela "batere garrantzirik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea