Politika -
Ministroen Kontseilua
Krisiaren aurkako 31 neurri onartu ditu Gobernu zentralak
Adostasun maila handia lortu duten "neurri suspertzaileak" direla esan du Maria Teresa Fernandez de la Vegak.
Erredakzioa
Krisiari aurre egiteko 31 neurri onartu ditu gaur Ministroen Kontseiluak, Zurbano elkarrizketen esparruan. Talde parlamentari guztien adostasuna izan dute neurri hauek.
Zurbano Batzordean eztabaidatutako 54 neurri ekonomikoetatik, 25 neurri onartu dituzte gaur. Horrez gain, aireko sektoreari eragiten dion beste neurri bat onartu dute. Hauek guztiak, lege-dekretuan sartuta daude.
Lege-dekretu horri beste lau akordio ekonomiko gehitu behar zaizkio; Kreditu Ofizialeko Institutuarekin (KOI) zerikusia dutenak eta Industria Batzordearen sorrera. Guztira, 31 neurri dira gaur Espainiako Gobernuak onartutakoak; gainera, joan den martxoaren 30ean lege-dekretuz onartutako beste lau neurri gaineratu behar zaizkie gaur adostutakoei.
Maria Teresa Fernandez de la Vega lehen presidenteordearen hitzetan, Adostasun maila handia lortu duten "neurri suspertzaileak" dira gaur onartu direnak.
Bestalde, Elena Salgado bigarren presidenteordeak adostutako neurrien nondik norakoak azaldu ditu; garrantzitsuenen artean, birgaitzeari dagozkionak aipatu ditu.
Ildo horretan, 2012ko bukaerara arte ohiko etxebizitzetan hobekuntza lanak egiten dituztenentzako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan aldi baterako kenkaria izango dute. Neurri horren eraginez, 350.000 enplegu sortzea espero du Gobernuak sektorean.
KOI kredituak
Enpresen jarduera suspertzeko, Kreditu Ofizialeko Institutuarekin zerikusia duten lau neurri onartu dituztela azaldu du Salgadok; langile autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei laguntzeko kredituak, hain zuzen ere.
Aurten eta datorren urtean zehar abian izango dira kreditu hauek; eta beraien baldintzak, merkatuan ematen diren berdinak izango dira.