Politika -
Sei urteko kartzela-zigorra
Gasteizko PPko zinegotzi ohi bat zigortu dute iruzur egiteagatik
Zinegotzi ohia 2004an PPtik bota zuten eta aurretik bi emakumeri ustez iruzur egiteagatik zigortu zuen Arabako Probintzia Auzitegiak.
Erredakzioa
Raquel Martinez Gasteizko Udaleko PPko zinegotzi ohiari eta haren bikotekideari sei urteko espetxe-zigorra ezarri diete eta ia 200.000 euroko kalte-ordaina ordaintzera zigortu dituzte, 14 laguni iruzur egiteagatik. Antza denez, etxebizitza bereganatzea prometatzen zieten biktimei.
Zinegotzi ohia 2004an egotzi zuten Alderdi Popularretik eta aurretik bi emakumeri ustez iruzur egiteagatik zigortu zuen Arabako Probintzia Auzitegiak. Emakume hauei ere babes ofizialeko etxebizitza baten truke dirua eskatu zien, 12.000 euro bati eta 18.000 euro besteari. Hala ere, epaia Auzitegi Gorenean errekurrituta dago.
Arabako Probintzia Auzitegiak sententzia berri hau kaleratu du orain. Horrela, Raquel Martinezi eta haren bikotekideari, Bonifacio Covarrubiasi, sei urteko kartzela-zigorra ezarri die eta baita 5.400 euroko isuna ere. Era berean, 12 kaltetuei 195.000 euroko kalte-ordaina ordaintzera zigortu ditu.
Gesbora
Martinez 1999tik 2003ra izan zen zinegotzi eta kargua utzi ostean Madrilera joan zen bikotekidearekin. Bikotekidea bere bizkartzaina zuen. Biek Gesbora higiezinen enpresa sortu zuten.
2005eko urritik 2007ko azarora bitartean, pertsona ezberdinei dirua eskatu zieten, Gasteizen "babes ofizialeko etxebizitza bat lortzeko erraztasunak emango zizkietelakoan". "Konfiantza irudia" ematen zuten emakumea zinegotzi ohia zelako eta erakunde publikoetan harreman onak zituela esaten zuelako.
Horrela, 6.000 eta 38.000 euro arteko diru kopuruak bereganatu zituzten, baina gehienetan biktimek 18.000 euro ematen zieten, "beti ere kudeaketarik egingo ez zutela" eta "etxebizitzak emateko eskumenik ez dutela jakinda", epaiaren arabera.
Akusatuak 2007ko azaroaren 21ean atxilotu zituzten eta hiru egun geroago aske geratu ziren. Bermepean aske dira eta sententzia errekurri dezakete.