Politika -

Heriotza

Tomas Tueros Euskadiko CCOOren lehen idazkari nagusia hil da

Sindikatuko sortzaileetariko bat izan zen. Militantzia sindikal eta politikoa klandestinitatean egin zuen. Horrela, 1963tik 1975era arte Maiatzaren 1 guztiak espetxean igaro zituen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tomas Tueros Euskadiko CCOOren sortzaileetariko bat eta sindikatuko lehen idazkari nagusia hil zen atzo 83 urte zituela, sindikatuak agiri batean jakitera eman duenez. Bihotzeko gaixotasun bat zuen.

Tomas Tueros Muskizen (Bizkaia) jaio zen. 14 urte bete eta Sestaora joan zen, Naval ontziolan lan egiteko. Ondoren Maiatzaren Leheneko 1947ko greban parte hartu zuen.

Militantzia sindikal eta politikoa klandestinitatean egin zuen. Horrela, 1963tik 1975era arte Maiatzaren 1 guztiak espetxean igaro zituen, eta “askatasunaren aldeko beste hainbat borrokalari bezalaxe kartzelatik askotan pasa zen”, goraipatu du sindikatuak.

Tomas Tueros Euskadiko CCOO sortzeko pertsona oso garrantzitsua izan zen. Sindikatua legeztatu eta 1978an idazkaritza nagusira heldu zen. 1987ra arte sindikatuko idazkari nagusia izan zen.

“Esker oneko zorra”

Hildakoaren senideei eta adiskideei elkartasuna adierazi die sindikatuak. Euskadik eta Espainiak “askatasun demokratikoen aldeko borrokan bizitzako urterik onenak eman zituzten belaunaldiekin esker oneko zorra” dutela ziurtatu du CCOOk.

Azkenik, Bizkaia beilatokian, 19:30ean, omenaldi batean parte hartuko duela iragarri du sindikatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Muskiz Eguneko albisteak Sindikatuak Langile Komisioak