Politika -
Epaiketa
Lopezen eta Aresen hilketa saiakera epaituko dute Auzitegi Nazionalean
Fiskaltzak 40 urteko espetxe-zigorra eskatu du Tomas Miguel Madina Etxebarriaren aurka.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Sailean astelehen honetan hasiko da Poliziak fitxatu gabeko ETAko ustezko kidea zen Tomas Miguel Madina Etxebarriaren aurkako epaiketa. Fiskaltzaren arabera, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares hiltzen saiatu zen 2010ean mira teleskopiko errifle bat erabilita, bata lehendakari eta bestea Herrizaingo sailburu zirenean, hurrenez hurren.
Fiskaltzak 40 urteko espetxe-zigorra eskatu du Madina Etxebarriaren aurka, erakunde terroristan aktiboki parte-hartzeagatik eta hilketa terrorista bi gauzatzeko konspiratzeagatik.
Fiskaltzaren behin-behineko akusazio-idazkian jasotzen denez, Madina Etxebarriak aipatutako bi politikari sozialisten aurkako atentatzea planeatu zuen, 'Otazua' taldeko beste kide batzuekin batera, 2010eko ekainaren 19an, Bilboko Larreagaburu parketik. Egun horretan biek egon behar baitzuten Eduardo Puelles polizia-inspektorearen erailketaren omenaldian.
Madina bere Galdakaoko etxean atxilotu zuten 2014ko ekainaren 14an. Aurretik, 2009ko abenduaren 17an, erasoa egin nahi zuen ingurua bisitatu zuen. Bere ustezko asmoa honako hau zen: Puelles erail zuten lekutik lerro zuzenean 300 metrora dagoen Larreagaburu parketik tiro egitea; aitzitik, autoz 3,3 kilometrora dago, tartean Nerbioi ibaia izanik, eta horrek ihes egiteko aukera gehiago emango lizkioke.
Guardia Zibilak atxilotu zuenean, ehizako hiru eskopeta, mira teleskopiko bat eta ehiza-baimen eta ehiza-aseguru bat aurkitu zituen haren etxean.