Politika -

Bilbon

'Egunkaria'ko zuzendari ohiek ekitaldia deitu dute hilaren 25erako

Euskalduna Jauregian izango da eta zazpi urteko prozesuan babesa eman dietenei eskerrak emateko ekitaldia izango da. Auzi ekonomikoa, ANn beharrean, Donostian epaitzeko eskari formala egingo dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

''Egunkaria auzia''ren baitan atzo errugabe jo zituzten bost auzipetuek gaur iragarri dutenez, ekitaldia antolatu dute apirilaren 25erako, 11:30etatik aurrera, Bilboko Euskalduna Jauregian, Egunkaria itxi zutenetik atzo arteko zazpi urteko prozesuan babesa eman dietenei eskerrak emateko.

Andoaingo Martin Ugalde parkean, Egunkaria-k egoitza zuen lekuan, emandako prentsaurrekoan eman dute ekitaldiaren berri Martxelo Otamendik, Txema Auzmendik, Xabier Oleagak, Joan Mari Torrealdaik eta Iñaki Uriak.

Azkenean, abokatuak ez dira prentsaurrekoan izan, Javier Gomez Bermudezek atzo eman zuen ebazpena aztertzen ari direlako.

Prentsaurrekoan, Torrealdaik agiri bat irakurri du euskeraz eta gazteleraz, absolbitu dituztelako "gustura" daudela agertzeko, baina ohartarazi du auzia "ez dagoela itxita", izan ere, ebazpenaren kontra helegitea jartzeko aukera zabalik dago eta oraindik auzi ekonomikoa epaitzeke dago.

Horren harira, zuzendari ohiek aurreratu dute eskari formala egingo dutela auzi ekonomikoa Auzitegi Nazionalean epaitu beharrean Donostiako Epaitegian egin dadin.

"Absoluzioa gurea da, garaipena Euskal Herriarena, eta poza, denona", goraipatu du.

"Antzerako akusazioa" duten beste batzuk gogoratu ditu, "Udalbiltzakoak edo egun kartzelan dauden 19/98 sumarioko Egineko adiskideak" besteak beste, izan ere, "kaltea eginda dago eta ez dago atzera egiteko aukerarik".

Era berean, galdera bat bota du: "Non daude enpresa ixteagatik edo irakurleei sortu zaizkien kalteen ordaina?". Dena dela, "ziur" agertu du "amaiera ona izatetik gertuago" daudela, "nahiz eta dena ez den bukatu".

Ebazpena

Abokatuek etorkizunean "eragina" izan dezaketen ebazpeneko bi puntu azpimarratu dituztela adierazi dute. Alde batetik, egunkaria ixteko arrazoirik ez zegoela onartzea, eta bestetik, inkomunikazio garaian ez zela "kontrol nahikorik" izan agertu izana azpimarratu dute.

Kalte ordainei dagokionez, abokatuen esku dagoen kontua dela eta "ezer ez aurreratzeko" gomendatu dietela zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea