Politika -
'CAN auzia'
Nafarroako Kutxaren auzia ikertuko du Parlamentuak
Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerra taldeen botoekin egin du aurrera ekimenak. UPN eta PPN, berriz, ikerketa-batzordea eratzearen kontra agertu dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Parlamentuak berriro jarriko du ikerketapean Nafarroako Kutxaren desagertzearen auzia. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk, PSNk eta Izquierda-Ezkerrak proposatu dute ikerketa-batzordea sortzea.
Ekimena aipatu taldeen botoekin (33) onartu dute. UPNk eta PPNk, berriz, kontra bozkatu dute (15 boto).
Aranzazu Izurdiaga EH Bilduko parlamentariak esan du “asko” dagoela argitzeko eta azken urteotan UPNren Gobernuak izandako “pasibotasuna” salatu du.
“Agerian geratu da bidegabekeriak salatu genituen talde politikoak arrazoia geneukala, eta, Nafarroako eskuina, berriz, egia ezkutatzen aritu zela, Nafarroako Kutxan irregulartasunik izan ez zela esanda”, azpimarratu du.
Bestalde, Izurdiagak ohartarazi du Nafarroako Kutxaren jardunaz “sekretismo eta opakotasun” handia dagoela eta oraindik ez dela argitu “nortzuk hartu zituzten Kutxa desagertzea eragin zuten erabakiak”.