Politika -

Guggenheim Museoa

Vidarteri ezin diola erantzukizunik eskatu aitortu du Urgellek

Guggenheim Museoak dolarrak erosi zituen eta erantzukizunen inguruan txostena egin du Kultura Sailak. Sailburuak txostenaren ondorioak aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoko zuzendariak dolarren erosketak kudeatzeko "botererik ez" duela adierazi du gaur Blanca Urgell Kultura sailburuak eta erantzukizunik eskatu ezin diola onartu du, Bizkaiko Foru Aldundia aurka dagoelako.

Museoak dolarrak erosi zituen eta erantzukizunen inguruan txostena egin du Kultura Sailak. Ramon y Cajal abokatuen bulegoak egindako txostenaren ondorioak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ditu Urgellek arratsaldean.

2002tik 2003ra museoko Sozietate Edukitzaileak 17 milioi dolar erosi zituen artelanak bereganatzeko, baina dolarra euroarekiko debaluatu egin zen eta horrek sei milioi euro baino gehiago galtzea eragin zuen.

Eusko Legebiltzarrak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak txostenak egin ostean, Kultura sailburuak aholkua bilatu zuen kanpoan, dibisen operazio horretan izandako "irregulartasunak" konpontzeko aukerak ezagutzeko.

Txosten berriak "irregulartasunak" izan zirela berretsi du, Urgellen hitzetan, baina egindako kudeaketa "eskasaz" erantzukizunak eskatzeko "ekimenik aurrera eramatea ezinezkoa" dela erantsi du, Bizkaiko Foru Aldundiak uko egin diolako.

Bizkaiko Foru Aldundia

Bestalde, dolarren erosketa operazioan Vidarte legez kanpo aritu ez zela defendatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Guggenheim Museoko zuzendariak bere funtzioetan neurria gainditu ez zuela adierazi du Aldundiak komunikatu batean.

Perez Llorca Madrilgo abokatuen bulegoak egindako txosten baten ondorioak jakitera eman ditu gaur Bizkaiko Foru Aldundiak. 2002tik 2003ra egindako dolarren erosketa aztertzea agindu zion bulegoari Diputazioak.

Kultura sailburuak aurkeztutako txostenaren kontrakoa esaten du azken honek. Bilboko museoaren zuzendari nagusiaren ekintza "arduragabea ez" dela dio Aldundiak agindutako txostenak, "nahiz eta dolarren erosketa, gerora negatiboa suertatu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea