Politika -

Elkarrizketa ETBn

Martxelo Otamendi: "Desengainua hartu dut lehendakariarekin"

Egunkariako zuzendari izandakoak uste du Patxi Lopez lehendakariaren erreakzioa berandu iritsi dela. "Konforme egongo nintzateke orain esan duenaren laurdena duela bi hilabete adierazi izan balu".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendariaren iritzian, Euskaldunon Egunkaria-ren aurka duela zazpi urte hasi zen prozesu judizialari buruz Patxi Lopez lehendakariak egindako adierazpena berandu iritsi da.

"Konforme egongo nintzateke orain esan duenaren laurdena duela bi hilabete adierazi izan balu. Hori orain esatea erraza da", azpimarratu du.

Egunkaria ixtea "Zuzenbide Estatuaren kontrako erasoa" izan zela adierazi zuen atzo lehendakariak.

Otamendik adierazpen horiek egiteko modua ere kritikatu du, izan ere, bere blogaren bitartez egin ditu "eta auzi honek zerbait gehiago merezi duela iruditzen zait". "Desengainua hartu dut lehendakariarekin", erantsi du.

ETBn egindako elkarrizketan, Otamendik nabarmendu du ez dela justiziarik egin, "[auzipetuak] absolbitu baino ez da egin". "Justizia egoteko, kalte-ordain morala eta ekonomikoa eman behar da, eta kalte egin dela aitortu", azaldu du.

Egunkaria-ko zuzendari ohiak esan du absolbituko zituzten konfiantza izan duela prozesua hasi zenetik, baina atxilotu zutenean atzera bueltarik ez duen prozesu batean ikusi zuela bere burua.

"Noski, goizaldean 12 guardia zibil zure etxean sartzen badira, eta atxilotzen, inkomunikatzen eta torturatzen bazaituzte, bizitzak okerrera egingo dizula pentsatzen duzu", gaineratu du.

Dena dela, 2003ko otsailean Donostian izan zen manifestazio handiaren irudiak ikusi zituenean, auziak "konponbidea" bazuela ulertu zuela azaldu du: "Une horretan, Euskal Herri osoak errugabeak garela zekiela ulertu nuen, eta hori lagungarri izan genuen".

Bere ustez, zazpi urte hauetako txarrena zera izan da, "milaka pertsona parte hartzen ari zen proiektu bat" amaitzen ikustea "espekulazioak" oinarri zituen "Guardia Zibilaren txosten baten ondorioz".

Otamendik eskertu egin ditu "Euskal Herritik eta Kataluniatik" jasotako elkartasun keinuak, baina "enpresaburuen elkartearen babesa" ere espero zutela gaineratu du.

"Hedabidea ez ezik, Gipuzkoako enpresa inportante bat ere baginen. 150 langile genituen, eta lanpostua galdu zuten... Sindikatuek babesa erakutsi ziguten, baina ez enpresaburuen elkarteak", kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea