Politika -
Ezker abertzalearen gogoeta
'Abian' eztabaida prozesua 'fase erabakigarrian' sartu da
Asteburuan egingo diren batzarretan bost tesi alternatiboak eztabaidatu eta bozkatuko dituzte eta behin betiko dokumentua maiatzean amaituta egongo da.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Ezker abertzalearen 'Abian' eztabaida prozesua "fase erabakigarrian" sartu da eta maiatzean amaituta egongo da ezker abertzalearen egituraketa, estrategia eta proiektu politikoa zehazten duen behin betiko dokumentua.
Asteburu osoan Euskal Herriko hamaika txokotan egingo dituzten batzarretan bost tesi alternatiboak eztabaidatuko eta bozkatuko dituzte, eta bozketa horien emaitzetatik aterako da azken dokumentua.
Igor Arroyo eta Oihana San Vicente 'Abian' prozesuaren talde eragileko kideek Donostian egindako prentsaurrekoan azaldu dutenez, txostenaren inguruan adostasun zabala dago. Ezker abertzaleak 266 batzar egin ditu Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan eta, guztira, 4.783 lagunek parte hartu dute eta 4.353k bozkatu dute. Bozketa horietan, 3.515 alde agertu dira (% 81), 346, kontra (% 8); eta 499k, ostera, abstentziora jo dute (% 11).
Hala, datozen bi asteburuetan batzarren bigarren erronda egingo dute eta bost gai eztabaidatuko dituzte: proiektu estrategikoa, eskaintza independentista, garapen taktikoa, gatazkaren konponbidea eta antolaketa eredua.
Ezker abertzalea antolatzeko moduaren inguruan sortu ei da eztabaida gehien, eta ezker abertzalearen barruan bederatzi, lau edota hiru erakunde egon behar diren eztabaidatuko dute. Testu ofizialak hiru erakunde proposatu ditu: Sortu, Ernai gazte antolakundea eta LAB sindikatua.