Politika -
Bilera Bilbon
Alba: 'PSE-EEk aldaketaren bidea aukeratzen badu, aurkituko gaitu'
Bestalde, herritarren “onurarako” diren akordioak lortzeko, sozialistek ateak zabalik dituztela esan du Mendiak, baina “EAJ kentzeaz gain”, Podemosek zer nahi duen ez daki.
Agentziak | Erredakzioa
Nagua Alba Podemos Euskadiko idazkari nagusiaren hitzetan, PSE-EEk “aldaketaren bidea” aukeratzen baldin badu, “bertan aurkituko gaitu”, nahiz eta azken urteetan EAJren Gobernuari “babesa” eman.
“Herritarren onurarako diren akordioak lortzeko, sozialistek beti dituzte ateak zabalik”, adierazi du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak. Hala ere, “Podemosi entzun diodan gauza bakarra EAJri Gobernua kendu nahi diola da”, erantsi du.
Bi alderdietako zuzendaritzak PSE-EEren Bilboko egoitzan bildu dira gaur. Podemos Euskadi bilera-sorta egiten ari da EAEko indar politikoekin, zuzendaritza berria aukeratu ondoren. Aurreko asteetan EAJrekin eta EH Bildurekin batzartu zen.
Nagua Alba Podemoseko buruzagiaren ahotan, “azken urteetan PSE-EEk EAJren gobernuei babesa eman badie ere, buruzagi sozialistek politika sozialak egiteko borondatea agertu dute”.
“Beraien eskuetan dago”
“Beraien eskuetan dago, bi aldeetako zeinetara begiratu nahi duten erabaki beharko dute orain, EAJren kontinuismoa edo aldaketa gobernu bat nahi duten”, azaldu du. Zentzu horretan, sozialistek “aldaketaren bidea aukeratzen baldin badute, bertan aurkituko gaituzte”, gaineratu du.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak ondoren egin du agerraldia. Balizko akordioen inguruan, “gertakariak aurreratzerik ez” dagoela esan du Mendiak, “lehenengo hauteskundeak egin behar direlako”.