Politika -
Ertzaintza-ren 80. urteurrena
Eusko Jaurlaritzak 1936ko lehendabiziko ertzainak omendu ditu
Miguel Echaguibeli, bizirik gelditzen den garai hartako ertzain bakarrari, omenaldia egin diote gaur Arrasaten, Ertzaintzaren sorreraren 80. urteurrenaren baitan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur azaldu duenez, gaur egungo Ertzaintzak 1936. urtean sorrerako promozioa osatu zuten horien "identitate zeinuak" mantentzen ditu eta lehendabiziko ertzain horien "lekukoa eta legatua" ere jaso du.
Miguel Etxaguibel arrasatearra -97 urte- da bizirik gelditzen den garai hartako ertzain bakarra eta gaur omenaldia egin diote Arrasateko Udaleko osoko bilkuren aretoan, eta Arrasateko Udalaz gain, Eusko Jaurlaritzak ere ekitaldian parte hartu du Iñigo Urkullu lehendakaria eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua buru zirela.
Urkulluk Etxagibelen eta duela 80 urte horietan Ertzaintzako parte izan diren pertsona guztien "konpromisoa eta dedikazioa" nabarmendu ditu.
"Hasiera ez zen erraza izan: lehendabizi, Espainiako Gerra Zibila eta, gero, kartzela, erbestea eta diktadura", adierazi du Urkulluk. Ildo horretan, demokraziaren iritsierarekin "autogobernua" eta Ertzaintza berreskuratzea lortu zela azpimarratu du.
Terrorismoaren eta indarkeriaren garaiak ere gogora ekarri ditu Urkulluk. Haren esanetan, Ertzaintzak irmotasunez, sakrifizioz eta konpromisoz gainditu zuen egoera hori.
Bestalde, Etxagibel 80 urte iraun duen legatuaren ikurra dela aldarrikatu du eta oraindik ere hasierako identitate zeinuak indarrean daudela nabarmendu du Urkulluk: zerbitzurako bokazioa, herriarenganako gertutasuna, talde-lana, erantzuteko gaitasuna eta hiritarren konfiantza irabazteko konpromiso profesionala.