Politika -
Panamako paperak
EAJk dio Rajoyk azalpenak eman behar dituela Soria auzian
Aitzitik, Bizkaiko PP alderdiko presidentearen aburuz, ez da beharrezkoa jarduneko Gobernuko presidenteak agerraldia egitea.
Agentziak | Erredakzioa
EAJren Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek gaur adierazi duenez, beharrezkoa jarduneko Gobernuko presidenteak Kongresura joan beharko luke eta argibideak eman Jose Manuel Soria Industria ministroak bere karguari uko egiteko arrazoien inguruan.
Soriak atzo jakinarazi zuen Ministerioa eta politika utzi behar zituela, bere izena Panamako paperen aferan azaldu eta paradisu fiskaletan kokatutako zenbait enpresatan parte hartu izanari buruz bost egunez azalpen ilunak eman ondoren.
Estebanen iritziz, nola Soriak astelehenean jadanik ez duen Kongresuan agerraldirik egingo, presidentea bera izango beharko litzateke parlamentuaren kontrolari aurre egin beharko liokeena, baina ez du uste hala egingo duenik.
Uste berekoa da Ines Arrimadas Kataluniako Ciudadanos alderdiko burua ere; izan ere, gutxienez argibideak ematen has dadila eskatu dio Rajoyri larunbat honetan, ministro ohiaren kargu uztearen aurrean. Azalpenak nahikoak ez badira, beste neurri batzuk hartuko dituztela gaineratu du.
Bere aldetik, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak Podemosi gogoratu dio (alderdi moreari erreferentzia zuzen egin gabe), egoerak agintzen zuen moduan jardun izan balute, Mariano Rajoy ez litzatekeela une hauetan Espainiako gobernuburua izango. Horrela erantzun die Getxon egin duen alderdiko ekitaldi batera bertaratu diren kazetariek Soria auziaren inguruan egindako galderei.
Aldi berean, Patxi Lopez Diputatuen Kongresuko presidenteak ere gai horren gaineko bere ustea agertu du, eta Murtzian jakitera eman duenez, "logikoa" da Industria ministro ohiaren kargu uztea, "politikak ezin duelako onartu duda-mudan dagoen norbaitek kargu bat izan dezala".
Damborenea: "Ez da beharrezkoa" Rajoyk agerraldia egitea
Aitzitik, Bizkaiko PP alderdiko presidenteak kontrako ustea dauka, bere esanetan ez baita beharrezkoa jarduneko Gobernuko presidenteak agerraldia egitea.
Zentzu horretan, Damboreneak zehaztu nahi izan du ez dela ustelkeria kontu bat; hala ere, egokia deritzo Soriak karguari uko egin izana.