Politika -
Eusko Jaurlaritzaren plana
Bakerako Hezkuntza Plan berria bertan behera uzteko eskatu du EAJk
Plan berriaren berrikuspena eskatzea "zoritxarrez, EAJk biktimekin duen konpromisoan atzera pauso bat" dela adierazi du Aresek. Bestalde, dokumentua "berehala" atzera botatzea eskatu du EAk.
Erredakzioa
EAJk gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza Demokratikoa eta Indarkeriaren Deslegitimazio Plana, eta beste bat adosteko eskatu dio, oraingoa PSE-PP itunaren "isla zehatz" batek "itxuraldatuta" dagoela uste baitu.
Patxi Lopez lehendakariaren Gobernuak diseinatutako Bakerako Hezkuntza Plan plan berriak aldaketa batzuk ezartzen ditu Juan Jose Ibarretxerenak adostutakoan, eta helburua terrorismoari zilegitasuna kentzea da, besteak beste ETAren biktimak ikasgeletara eramanez.
Iñigo Iturrate, Arantza Aurrekoetxea eta Maribel Vaquero legebiltzarkide jeltzaleek agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarreko korridoreetan, eta hezkuntzaren munduarekin, gainerako erakundeekin eta eragile sozialekin plan "integral eta osatua" adosteko eskatu dute.
EAJren ustez, Eusko Jaurlaritzaren planak "diagnostiko faltsu" batean du sorburua, Bakerako Hezkuntza Planaren ondorioak "ezkutatu edo faltsutu" egiten baititu.
Iturratek adierazi du testua PSEren eta PPren "diagnostiko politikoa" dela, eta ETAren indarkeriari zilegitasuna kentzea duela lehentasun, baina ez duela giza eskubideen urraketei buruzko "ikuspuntu integrala".
Euren iritziz, ikasgelak giza eskubideak irakasteko daude, "biktimen testigantzak kontuan hartuta ere", baina ez haien mina arintzeko.
Halaber, EAJk gogorarazi du aurreko planak ere aurreikusten zuela biktimak ikasgeletara joatea.
Ares
EAJk Eusko Jaurlaritzak proposatutako Bakerako Hezkuntza Plan berriaren berrikuspena eskatzea "zoritxarrez, EAJk biktimekin duen konpromisoan atzera pauso bat" dela adierazi du Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak.
Komunikatu batean, "jarrera eraikitzaile bat izan eta arduraz jokatu beharrean, beste behin ere, oposizio gogorrean finkatu dira jeltzaleak", azaldu du Herrizaingo sailburuak.
EA
Bestalde, dokumentua "berehala" atzera botatzea eskatu du EAk, "doktrinamendu politikorako PSEren eta PPren tresna bihurtu delako", eta "eztabaida" prozesu bat abian jartzea eskatu du "beharrezko akordioak lortzeko" eta aurreko Exekutiboaren plana gaurkotzeko.