Politika -
EH BILDU
Irekiako inkesta batek 'xenofobia elikatzen' duela salatu du EH Bilduk
Koalizioaren arabera, Jaurlaritzak, dagoeneko, kendu du galdeketa bere webgunetik, berez, maiatzaren 1era arte sarean egotekoa zen arren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaularitzak Irekia webgunearen bidez argitaratutako inkesta bateko galderek xenofobia elikatzen dutela salatu du EH Bilduk. Koalizioak jarritako salaketa baten ondoren, antza, galdeketa hori erretiratu egin du Jaurlaritzak, berez, maiatzaren 1era arte egoteko zen arren.
EH Bilduk webgunetik hartutako hainbat irudi zabaldu ditu, inkestan jasotako galderen berri emateko. Igor Lopez de Munain EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, honakoa da galderetako bat: "Lanera etortzen diren atzerritarrak aldi batez langabezian geratzen badira, kanporatu egin beharko lirateke?".
Lopez de Munainen ustez, "galdera horrek izaera arrazista eta klasista du eta, beraz, lekuz eta denboraz kanpo dago erabat, Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten atzerritarren eskubideak mugatzearen aldeko iritziak elikatzea dakarrelako".
Ezker abertzaleko legebiltzarkideak Europako talde ultraeskuindar batzuen diskurtsoarekin parekatu du inkestaren edukia. "Javier Maroto Gasteizko alkate ohiaren mezu xenofoboak erabateko gaitzespen politikoa jaso zuen duela hilabete batzuk, baina orain Jaurlaritza da diskurtso hori zabaltzen ari dena; Europan politika ultrakontserbadoreak askatasunak eta bizikidetza arriskuan jartzen ari diren honetan, oso larria da Urkulluren Gobernuak kanpaina horiekin bat egitea", gaineratu du.
EH Bilduk Josu Erkoreka sailburuaren eta Luis Petrikorena Irekia atari digitaleko arduradunaren agerraldiak eskatu ditu Legebiltzarrean, inkesta horren inguruko azalpenak emateko.