Politika -

Bost eguneko bidaia

Arnaldo Otegiren bira, 'Europara bake mezu bat eramateko'

Ezker abertzaleko buruzagia ostiralean abiatuko da. Irlanda, Erresuma Batua eta Belgika bisitatuko ditu. Ekitaldi politiko batzuetan parte hartuko du.

Arnaldo Otegi ezker abertzalekko buruzagia. Artxiboko irudia: EFE
Arnaldo Otegi ezker abertzalekko buruzagia. Artxiboko irudia: EFE
Arnaldo Otegi ezker abertzalekko buruzagia. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak Europan zehar bost eguneko bira bat egingo du. Ostiralean abiatuko da. Irlanda, Erresuma Batua eta Belgika bisitatuko ditu, eta ekitaldi politiko batzuetan parte hartuko du.

Bidaiarekin “Europara bake eta Euskal Herriak herri gisa dituen eskubideekiko errespetu mezu bat” eraman nahi du Otegik, EH Bilduk agiri batean azaldu duenez.

“Europak justizia sozialean oinarritutako estatu berri bat” behar duela azpimarratuko du buruzagi abertzaleak.

Bilerak Bertie Ahern, Gerry Adams eta Martin McGinessekin

Otegiren lehen geltokia Irlanda izango da. Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiarekin bilduko da. 2011ko urrian, Aieteko Konferentzian, parte hartu zuen Ahernek, ETAk indarkeria behin betiko uzten zuela iragarri baino egun batzuk lehenago.

Larunbatean, 1916ko altxamenduan hildakoei omenaldia egin behar diete eta Otegik lore eskaintzan parte hartuko du. Arratsaldean, ezker abertzaleko ordezkariak hitzaldia emango du Sinn Feinen konbentzioan. Bide batez Gerry Adams eta Martin McGiness buruzagi errepublikanoekin biltzeko aprobetxatuko du Otegik.

Jonathan Powellekin hitzordua Londresen

Astelehenean Londresera helduko da. Bertan Jonathan Powellekin, Tony Blairen lehen ministro ohiaren kabineteko buruzagi ohiarekin, bilduko da. Honek ere Aieteko Konferentzian parte hartu zuen. Horregatik, Otegik eskerrak emango dizkio.

Arratsaldeko lehen orduan Otegik hitzaldia emango du Westminsterren, All Party Group on Conflict Issuesek gonbidatuta. EH Bilduren hitzetan, “Komunen Ganberako eta Lorden Ganberako diputatu ugari” hitzaldian izango dira.

Friendshipen hamargarren urteurrena Bruselan

Asteartean, Bruselan, Friendship izenekoaren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldietan parte hartuko du Otegik. Europarlamentari taldeak euskal “gatazkaren konponbide prozesuari” babesa eman dio.

Agintari abertzalea Europako Aliantza Libreko (ALE) kideekin bilduko da, eta gauean euskal komunitatearekin afalduko du.

Azkenik, asteazkenean, Europako Ezker Bateratua/Ezker Berde Eskandinaviarra (GUE/NGL) taldeko bileran hitzaldia emango du Otegik,. EH Bildu, IU, Podemos edo Greziako Syriza alderdiek osatzen duten taldea politikoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi berriak Europa Erresuma Batua EH Bildu