Politika -
Alderdien Legea
EA : "Indarkeria iraganeko gauza izango da bide baketsuen bidez"
Subiranotasuna lortzeko EAren apustuak "egoera berri batera" gidatuko gaitu, dio Urizarrek. Bere ustez, zerrendak ilegaltzat jotzeari buruzko oharpenek Espainiaren urduritasuna agerian jarri dute.
Erredakzioa
Subiranotasuna lortzeko EAk "bide politiko eta baketsuen bidez" egin duen apustuak "egoera berri batera" gidatuko gaituela eta indarkeria "iraganeko gauza izango" dela ziurtatu du Peio Urizar alderdiko idazkari nagusiak.
Urizarrek, Espainiako Gobernuak Batasuna hauteskundeetara aurkeztea ekiditeko iragarritako aldaketak kritikatu ditu, bere alderdiari zuzendutako abisuekin batera; ezker abertzalearekin mugimendu soberanista batua sortzeko EAren asmoa dela eta.
"Estatuko botere ezberdinek alderdi legalen zerrendak baliogabetzeko Alderdien Legea aldatzeko asmoa" salatu du EAko agintariak. Horrek argi utzi du "areagotzen ari den urduritasuna" eta "Espainiako Estatuko demokraziaren kalitatearen" gabezia.
Urizarrek azaldu duenez, "EAren apustu politikoak helburu argiak ditu: herrialde honen subiranotasuna lortzea, baina bide politiko eta baketsuen bidez bakarrik".