Politika -
Iruñea
Bost atxilotu Nafarroan, ikasle grebako istiluekin lotuta
Atxilotuen artean daude Udaltzaingoaren furgoneta baten ustezko erasotzaileak, eta hiru adingabeak dira.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Poliziak, Iruñeko Udaltzaingoarekin elkarlanean, bost lagun atxilotu ditu martxoaren 17ko ikasle greban izandako istiluetan parte hartzea leporatuta.
Atxilotuei desordena publikoak egitea egozten diete, eta tartean omen daude egun hartan egin zen manifestazioaren ostean Udaltzaingoaren furgoneta bati eraso egin ziotenak.
Bost atxilotuetako lau gizonezkoak dira eta bat, emakumezkoa. Gainera, horietako hiru adingabeak dira, eta bi Iruñean jaiotakoak, bat Barañainen, beste bat Errumanian, eta azkena, Brasilen.
Atxilotuak polizia-etxera eraman dituzte, eta gero epailearen esku uztea espero dute.
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak gogorarazi du protestaren egunean bertan Espainiako Poliziak beste lau adingabe atxilotu zituela desordena publikoak leporatuta.