Politika -
Europako Parlamentua
'Egunkaria'-rekin justizia egiteko laguntza eskatu du EAJk
Absolbitu dituzten auzipetuei egindako kaltea ordaintzeko lagun dezaten eskatu die Izaskun Bilbao EAJk Europako Parlamentuan duen diputatuak gainerako parlamentarioei.
Erredakzioa
Egunkaria egunkariko itxierarekin eta prozesuko auzipetuekin justizia egiteko Europako Parlamentuaren laguntza eskatu du gaur Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak, auzia "behin betiko eta zuzen" ixteko.
"Demokraziaren salbuespen araudiek, demagogiak eta sentimenduen manipulazioak uzten dituen ondorioak kontuan izateko" eskatu die Bilbaok gainerako parlamentariei osoko bilkuran. Era berean, absolbitu dituzten auzipetuei egindako kaltea ordaintzeko lagun dezaten eskatu die.
"Injustizia honi aurre egin genion guztiei ETAri laguntzea leporatu ziguten Espainiako komunikabide nagusiek eta alderdiek", azpimarratu du EAJko ordezkariak. Egunkaria-ren itxiera "injustua, legez kontrakoa eta bidegabea" izan zela "argi" zegoen, Bilbaoren hitzetan.
Eurodiputatuaren esanetan, "Espainiako Konstituzioak eta Zigor Kodeak egunkari bat ixtea uzten ez" dutela argi utzi du bost zuzendari auzipetuak aske geratzeak.