Politika -
Kale-indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, kale-erasoa egitea egotzita
Atxilotutakoari (31 urtekoa) otsailean Deustun banketxe baten aurka izan zen eraso batean parte hartzea leporatu diote. Operazioa zabalik dago.
Erredakzioa
Ertzaintzak 31 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur goizaldean Bilbon, otsailean kale-indarkeria ekintza batean parte hartu izana egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu duenez.
Aipatu iturrien arabera, Deustuko (Bilbo) banketxe baten aurkako erasoan hartu zuen parte, hain zuzen ere. Dena dela, lehergailuak ez zuen eztanda egin, akats bat tarteko.
Antza denez, lehergailuan haren ADN arrastoak topatu dituztelako identifikatu dute.
Ikerketa zabalik dago, atxilotutakoak eraso gehiagotan parte hartu duen eta eraso hartan pertsona gehiago nahasita zeuden argitzeko.
Operazio honen baitan, ertzainek atxilotutakoaren etxebizitza eta Alde Zaharrean erabiltzen zuen beste bat miatu dituzte.
Operazioa Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du, eta oraindik zabalik dago. Horrenbestez, baliteke atxiloketa gehiago egitea.
Gaur atxilotutakoa espetxean izan zen 2002tik 2006ra, 2000 urtean Bergaran beste kale eraso batean parte hartzeagatik.