Politika -

Polizia-operazioaren ostean

Autoak dio Presoen Kolektiboak Otegiren jarrera kritikatu zuela

Antza, presoek eta Batasunaren zuzendaritzak eztabaida izan zuten: lehendabizikoek borroka armatua babesten zuen dokumentuaren aldekoak ziren eta bigarrenak Altsasuko Adierazpenaren aldekoak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Presoen Kolektiboak (EPPK) eta Batasunaren zuzendaritzak ika-mika izan omen zuten joan den urtarrilean eta otsailean, ezker abertzalearen baitako hausnarketaren harira, Efe agentziak azken polizia-operazioaren autoa aipatuta zabaldu duenez.

Antza, Arnaldo Otegik "giro txarra" sortzen zuela eta "disidente bat" zela salatu zuen Presoen Kolektiboak. Batasunak, berriz, ''Mugarri'' txostenaren defendatzaileen jarrera kritikatu zuen.

Hala esaten omen dute Guardia Zibilak Naiara Zuariarraini atzemandako dokumentu batzuek. Fernando Grande Marlaskak Zuriarrain kartzelatzeko agindua eman zuen atzo, Arantza Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza eta Saioa Agirrerekin batera.

Epailearen autoaren arabera, dokumentu horietako bat euskaraz idatzita dago eta "Batasunak eta Presoen Kolektiboak 2010eko urtarrilaren 22an izandako bileraren akta da, presoen abokatuek egindakoa".

Batzar hartan Presoen Kolektiboak ondoko salaketa egin ei zuen: "Arnaldo Otegi jarrera disidentea erakusten ari da, zenbait gutun Kolektiboaren zuzendaritzaren baimenik gabe igorri dituelako eta horien argitalpenak giro txarra ekarri duelako".

Horrez gain, "EPPK-k Batasunako presoak kritikatzen ditu gainerako presoei ''Mugarri'' txostenak estrategia berria markatuko ez duela esateagatik". Txosten hori eztabaidatu omen zuten espetxeetan.

''Mugarri'' txostena "sektore gogorrak" babestu zuen eta borroka armatuarekin jarraitzearen alde egiten zuen. Ezker abertzaleak, berriz, Altsasuko Adierazpenaren alde egin zuen.

Txosten horren ondorioak ''Zutik Euskal Herria'' izeneko dokumentuan idatzi zituzten eta, besteak beste, bide politikoen eta baketsuen aldeko apustua egiten duten eta indar soberanisten metaketaren garrantzia azpimarratzen dute.

Kolektiboak Batasunari gogoratu zion "preso guztiak, Batasunarenak barne, Kolektiboaren parte" direla eta, ondorioz, "bere disziplina onartu" behar duela.

Alabaina, Batasunak Kolektiboari jakinarazi zion bere dokumentuak "Ekinen oniritzia" zuela eta, beraz, Altsasuko Adierazpena ez dela Batasunarena bakarrik, "ezker abertzale guztiarena baino".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea