Politika -

hauteskundeak

Chaconek eta Lozanok uko egin diote PSOEren zerrendetan aurkezteari

Bere erabakiaren atzean 'arrazoi politikoak' daudela azaldu du Chaconek, eta Lozanok esan du beste "proiektu profesional" batzuei helduko diela.

Carme Chacón Diputatuen Kongresuan. Argazkia :EFE
Carme Chacón Diputatuen Kongresuan. Argazkia :EFE
Diputatu ez izateko 'arrazoi politikoak' argudiatu ditu Chaconek

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carme Chaconek, Espainiako Gobernuko Defentsa ministroa izandakoak eta Kongresuan PSC alderdiko diputatua denak, baztertu egin du Bartzelonako PSCko zerrendaburu izatea berriro ekainaren 26an egingo diren hauteskunde orokorrei begira. Horrez gain, hauteskunde horietan Kataluniako sozialisten zerrendetan parte-hartzeari ere uko egin dio.

Chaconek Kongresuan eman du ofizialki erabaki horren berri, eta azaldu duenez, duela hilabete hartu zuen determinazioa "hausnarketa asko egin ostean". Behin erabakita, Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidente ohiari jakinarazi zion.

Bere agerraldian zehar azaldu du asko izan direla bere erabakiaren atzean dauden "arrazoi politikoak", baina garrantzitsuak ez direla eta beretzat gordetzen dituela gaineratu du.

Carles Marti senatari ohiak duela egun batzuk alderdiko primarioetan parte hartu nahi zuela plazaratu ostean (bere aburuz, "hutsegitea" izango bailitzateke Chaconek hautagai gisa errepikatzea), ministro ohiak saihestu egin du gaur arte berriro ere aurkeztuko zen ala ez baieztatzea; hauteskunde berriak deituko ote ziren jakin arte itxarongo zuela esatera mugatu da.

Abenduaren 20ko hauteskundeetan, Chacon hautagaitzat zuen PSCk 587.166 bozka eta zortzi diputatu eskuratu zituen, horietako bost Bartzelonatik eta bana Girona, Lleida eta Tarragonatik.

Sanchez: "Chacon Bartzelonako zerrendaburua izan zedila gustatuko zitzaidakeen"

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak gaur esan duenez, atsegin handiz ikusi izango zukeen Chaconek Bartzelonako zerrendaburu gisa errepikatu izatea; hala ere, Parlamentuko bizitza uzteko bere erabakia errespetatzen duela gaineratu du.

"Chacon Bartzelonako zerrendaburua izan zedila gustatu izango zitzaidakeen, baina, zoritxarrez, atzerapauso bat ematea erabaki du", adierazi du Sanchezek.

Iceta: "Carles Marti baino hautagai egokiagoa"

Miquel Iceta PSCko buruaren iritziz, datozen hauteskunde orokorrei begira Chacon askoz hobeto zegoen kokatuta hautagai gisa PSCko senatari ohia den Carles Marti baino. Horrez gain, Chacon joan ostean, hautagai gehiago egongo direla baieztatu du Icetak.

Lozanok ere uko egin dio

Irene Lozano UPyDren diputatu ohiak ere Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiari jakinarazi dio uko egiten diola Kongresuko zerrendetan aurkezteari, beste proiektu profesional batzuei ekiteko asmoa duelako.

 

 

Lozanok Twitterren azaldu duenez, "erabateko dedikazioa" eskatuko dion proiektu batean murgildu nahi du, "PSOEn politika egiteko esperientzia" izan ostean (ez zen afiliatu).

Sanchezi bere konfiantza "asko" eskertu dio, PSOEri lotuta egon diren hilabeteak "ikasketa" izan direlako.

Lozanok aurreko urriaren 15ean erabaki zuen Sanchezen eskaintza onartzea, UPyD utzi (2011tik izan zen diputatu) eta independente gisa Madrilgo zerrendan laugarren joateko.

Bere sarrerak ezinegona sortu zuen alderdiko hainbat sektorerengan. Hala, Guillermo Fernandez Vara Extremadurako presidenteak barkamena eskatzeko exijitu zion, alderdibitasunaren kontra egin zituen adierazpenekin irainduta sentitu zirelako.

Lozano Sanchezen apustu pertsonaletako bat izan zen Zaida Canterarekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Bartzelona argazkiak Hauteskunde orokorrak Hautagaiak Gaurko azken orduko albistea