Politika -
Operazioa
ETAren helburu zela "prentsaren bidez" jakin zuela esan du Urkulluk
Bestalde, buruzagi jeltzaleari astearte eguerdian deitu ziola adierazi du Barne ministroak, presoen abokatuei atzemandako agirietan haren izena ikusi ostean.
Erredakzioa
ETAren helburu zela "prentsaren bidez" jakin zuela adierazi du Iñigo Urkullu EAJko presidenteak arratsaldean.
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak, ostera, atzo eguerdian Urkulluri deitu ziola adierazi du gaur, iragan astean atxilotutako presoen abokatuei atzemandako agirietan haren izena irakurri ostean.
"Egunkarien bidez enteratu behar izana gogorra da eta onartzen zaila", adierazi du Urkulluk, Lleidako liburutegi batean hitzaldi bat eman baino lehen.
"Herritarren interpretazioaren esku uzten dut. Prentsaren bidez enteratu behar izana gogor egiten da, nahiz eta norbera egoera hauetara ohituta izan", azaldu du. "Baina nire izena komunikabideetan ateratzen denean, lehenago Espainiako Gobernuko agintariek deitu gabe, gogorra da", errepikatu du.
Ares
Bestalde, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak bere babesa helarazi dio EAJko EBBeko presidenteari. Azken informazioen arabera, abokatu batek bera hiltzea gomendatu omen zion erakundeari eta terrorismoari "aurre egiten" dioten guztiak ETAren helburu direla ohartarazi du.
Barne Ministerioaren arabera, Urkulluri asteartean jakinarazi zion joan den asteko polizia-operazioan atxilotutako abokatuetako batek, Jon Enparantzak, EBBko presidentea hiltzea iradoki ziola ETAri.