Politika -
Nafarroako Parlamentua
Terrorismoaren biktimak laguntzeko legea onartu du Nafarroak
Legeak UPNren, PSNren, CDNren, NEBen eta Batzarreko (NaBai) parlamentario baten babesa jaso du. ETAren terrorismoaren biktimak aitortzea da legearen "lehentasuna".
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuak UPNren, PSNren, CDNren, NEBen eta Batzarreko (Nafarroa Bai) parlamentario baten babesa jaso duen terrorismoaren biktimak laguntzeko legea onartu du. Nafarroa Bai-ko beste parlamentariek ez dute botorik eman.
UPN, PSN, CDN eta NEB alderdiek adierazi dutenez, legea "beharrezkoa" da terrorismoaren biktimak aitortzeko. Bitartean, Nafarroa Bai-k "terrorismo mota guztien biktimak" aitortu beharko liratekela adierazi du.
Legea babestu duten taldeek azken unean egindako zuzenketa bat barne hartzen du legeak. Horren arabera, "lehentasuna" ETAren biktimak aitortzea da, "nazioarteko terrorismoaren eta zorionez dagoeneko desagertaraztuta dauden GAL edo eskuin-muturreko taldeen biktimak ahaztu gabe".
Kaltetuak
Honakoak dira terrorismoaren ondorioz kaltetutakoak: "biktimaren ezkonlaguna (bananduta ez bazeuden), edo ezkonlaguna izan ez arren, biktimarekin antzeko harremanen bat zuen laguna, bigarren mailako odolkidetasuna dutenak (bi belaunaldi) eta biktimarekin bizi zirenak edo bere menpean zeudenak".
Halaber, "atentatu batean edo ihes egiteko euren kotxea kentzeko atxiki dituzten" lagunak edo "mehatxupean edo babesarekin bizi behar izateagatik, euren lana normaltasunez aurrera eramateko zailtasunak aurkitzen dituzten" pertsonak ere kaltetutzat hartuko dira.
Kalte-ordainak
Lege honek hainbat laguntza mota hartzen ditu bere gain: kalte-ordainak min fisikoengatik edo psikikoengatik, kalte materialen konponketagatik, eta osasun, hezkuntza, lan, heziketa eta etxebizitza eremuetan eragindako kalteengatik.
Halaber, lege honen funtzionamendua bermatzeko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Batzordea sortuko dute.