Politika -

Ondarroako polizia-operazioa

Aresek kereila jarriko die gaur torturak salatu zituzten abokatuei

Eusko Legebiltzarrak ez legezko Proposamen bat onartu zuen atzo PSE-EEren, PPren eta UPyDren aldeko botoekin, "Ertzaintzaren lana kaltetzeko" ahaleginen kontra kereilak aurkezteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak kereila kriminala jarriko du gaur Bilbon Ondarroan ETAko kide izatea leporatuta atxilotu zituzten lagunen abokatuek Ertzaintzari tortura delituak leporatu ondoren.

Iragan otsailaren 8an, Haizea Ziluaga eta Alfonso Zenon abokatuek, Ondarroan eta Gipuzkoan ETArekin lotura zutelakoan atxilotutako bederatzi lagunen ordezkari gisa, horietako hiruk Ertzaintzaren torturak jasan zituztela salatu zuten, eta "Aresen agindupean" jokatu zutela.

Ez legezko Proposamena onartu dute

Eusko Legebiltzarrak ez legezko Proposamen bat onartu zuen atzo, PSE-EEren, PPren eta UPyDren aldeko botoekin, Herrizaingo sailburuak "Ertzaintzaren jardun zuzena kaltetzeko saiakera guztiei" aurre egin diezaien.

Alderdi gehienek, Aralarrek eta EAk izan ezik, onartu egin dituzte proposamenaren lehenengo bi puntuak, Ertzaintzak ETAren kontra egin duen lana babestuz.

Baina hirugarren puntuak ez du horrenbesteko babesa jaso. Bertan, Aresi kereila kriminalak aurkezteko deia egin diote "Ertzaintzaren jardun zuzena kaltetzeko ahaleginen kontra", baina PSEren, PPren eta UPyDren aldeko botoak soilik izan ditu, gainerakoek kontra bozkatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea