Politika -
Ekainak 26
Adostasunik ez Ahal Dugu eta Ezker Anitzaren artean, zerreden inguruan
Hala ere, bilera 'adeitsua eta positiboa' izan dela adierazi dute bi aldeek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskadiko Ahal Duguren eta Ezker Anitzako zuzendaritzek bi alderdien arteko lehen bilera egin dute gaur Bilbon, eta ekainaren 26ko hauteskunde orokorrei begira Podemosek eta IUk Espainian erdietsi duten akordioa izan dute hizpide. Ildo horretan, ez dute adostasunik lortu Espainiako Diputatuen Kongresurako eta Senaturako zerrenden inguruan.
Nagua Alba Euskadiko Ahal Duguren idazkari nagusiak bileraren ostean azaldu duenez, Espainian Podemosek eta IUk lorturiko akordioa kontuan hartuz gero Ezker Anitzako pertsona bat gehituko litzateke bigarren postuan Espainiako Diputatuen Kongresurako Arabako zerrendan.
Bestalde, Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzailearen esanetan, oraindik ez dituzte zerrendetako postuak zehaztu. Gaineratu duenez, IUren kasuan federazio guztien artean erabakiko omen dute hauteskunde barruti bakoitzeko "banaketa". Podemosen eta IUren Estatu mailako akordioaren arabera, lortzen dituzten sei diputatutik bat IUrentzat izango da.
Ezker Anitzako iturrien esanetan, Arabako bigarrena edota Bizkaiko hirugarrena baino postu seguruagoa nahi dute, baina Euskadiko Ahal Duguk ez ei du amore eman nahi.
Kontuak kontu, bilera 'adeitsua eta positiboa' izan dela adierazi dute bi aldeek, eta urrian egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko aukeraz hitz egin dute.