Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
ETAk euskal enpresa batzuk Errioxara uxatu dituela erantzun du PSEk
Mikel Torresek salatu du Pedro Sanz Errioxako presidenteak "ez duela ezer" esan gai horri buruz. Euskal Kontzertua ez dela errioxarren kontrako erasoa berretsi du, helegiteari erreferentzia eginez.
Erredakzioa
Mikel Torres PSE-EEren Batzorde Exekutiboaren Koordinazio idazkariak salatu du, Pedro Sanz Errioxako presidenteari erantzute aldera, euskal enpresa asko Errioxara joan direla ETAren indarkeriagatik eta gai horri buruz "ezer" ez duela esan Errioxako presidenteak.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean Torresek azaldu duenez, Euskal Kontzertu Ekonomikoa ez da Errioxako gizartearen kontrako erasoa eta "ez dugu ezagutzen enpresarik elkarteen gaineko zergarengatik Errioxatik EAEra joan dena".
Errioxako presidenteak Auzitegi Konstituzionalean Kontzertu Ekonomikoa blindatzen duen legearen kontrako helegitea jarri ondoren egin zituen adierazpenak izan ditu hizpide agintari sozialistak.
Sanzek esan zuen blindajeak "kalte handia" egiten diola Errioxari eta herritarrak "umiliatzen" dituela. Era berean, pribilejio "onartezina" dela salatu zuen.
Torresen arabera, Errioxako presidenteak "neurriz kanpoko" baieztapenak egin zituen "Euskal Herriaz hitz egiten duen bakoitzean bezalaxe", eta gainera, "ezagutzen ez dituen gaiei buruz hitz egiten du, eta nahiz eta azaldu, ez ditu ulertzen".