Politika -
Gobernu Kontseilua
Hezkuntza Plana EAJrekin adostea posible ikusten du Mendiak
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du jeltzaleekin biltzeko asmoa dutela. Biktimek adostasuna eskatu dute eta sindikatu abertzaleek "hezkuntza inposizioa"ri erantzungo diotela esan dute.
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du EAJrekin akordioa lortzeko aukerak badaudela Bakerako Hezkuntza Planaren harira.
Adierazpen horiek Gobernu-bileraren ostean eskainitako prentsaurrekoan egin ditu. Horrez gain, egitasmo horren harira Eusko Jaurlaritzaren baitan ezadostasunak daudela ukatu du.
Mendiak berretsi du “ahal duten adostasun handiena” bilatuko dutela alderdiekin, EAJrekin bereziki, eta aipatu akordioa "lortuko dela" uste du.
Jaurlaritzaren bozeramaileak azpimarratu duenez, "argi dago" zirriborroaren "testua aldatzeko aukerak daudela, printzipioei uko egin gabe", egungo marko juridiko eta politikoaren defentsari dagokiona adibidez.
Gainera, biktimak ikasgeletara eramatearekin EAJ "ados" dagoela zehaztu du, baina hori gauzatzeko xehetasunak adostea falta dela.
Indarkeria eta giza eskubideen urraketa bezalako gai "delikatuekin" ahalik eta "adostasun handiena" lortu behar dela berretsi ostean, Mendiak adierazi du EAJren alegazioak aztertuko dituztela eta jeltzaleekin bilduko direla, baina oraindik ez dagoela datarik.
Errioxarren helegitea
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Errioxako Gobernuak euskal Kontzertu Ekonomikoari jarri dion helegitea izan du hizpide eta "hauteskundeei begira" jokatu dutela uste du.
Mendiak, era berean, Errioxako PSOEren jarrera kritikatu du helegitea babestu duelako. Horren harira, Euskadiko sozialistek zer pentsatzen duten "oso ongi" dakitela azaldu du, baina helegitea babestu eta nahi duten moduan jokatzeko "eskubidea" aitortu die.