Politika -

San Antonio auzia

Alonsok esan du 'interes orokorra'ren mesedetan jokatu zuela

Horregatik, isuna kentzea espero du. Horren ustez, EAJk politikoki erabili nahi du auzia, "ustelkeria kasuetan arazo larriak dituelako".

Alfonso Alonso Espainiako jarduneko Osasun ministro eta PPren EAEko presidentea. Argazkia: EiTB
Alfonso Alonso Espainiako jarduneko Osasun ministro eta PPren EAEko presidentea.
Alfonso Alonso Espainiako jarduneko Osasun ministro eta PPren EAEko presidentea. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfonso Alonso Espainiako jarduneko Osasun ministro eta EAEko PPren presidenteak esan du espero duela atzera botako dutela Espainiako Kontuen Auzitegiak ezarri dion isuna Gasteizko alkate zenean hartutako erabaki batengatik, "interes orokorra"ren mesedetan jokatu zuelakoan.

Kontu Auzitegiak Alonso eta Javier Maroto (PPren Sektoreko idazkariorde eta Gasteizko Ogasun zinegotzi zena) zigortu ditu kontu publikoei 393.000 euroko kaltea egitea leporatuta, enpresaburu batekin alokairu kontratu bat sinatzeagatik, merkatuko prezioan baino askoz garestiago.

Alonsok RNEn egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, oraindik ez du helegitea jarri, baina egingo du. Gainera, Kontu Auzitegiaren erabakiak ez duela harritu azpimarratu du, auziaren instrukzioaz arduratu zen berak hartu duelako. Orain, hurrengo instantziak arrazoia ematea espero du.

Dena dela, argi utzi nahi izan du ez dela ustelkeria kasu bat izan, "administrazio kontu bat" baizik, eta EAJk eta PSE-EEk ere (horiek salatu zuten auzia) ez dutela ustelkeriatzat jotzen.

Hori dela eta, "nahasmenduarekin jolasten" ari direla salatu du, "EAJk dituen ustelkeria arazo larriak" estaltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gasteiz albisteak Eguneko albisteak Alfonso Alonso albisteak