Politika -
AUZITEGIAK
Titiriteroen kontrako kereila zabaldu egin du Dignidad y Justiciak
Alberto San Juan eta Gloria Muñoz aktoreei ere terrorismoa goratzea leporatu die Diginidad y Justiziak. Titiriteroei babesa erakusteko, kereila eragin zuen antzezlana antzeztu zuten aktore horiek ere.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Madrilen, otsailean, eskaini zuten ikuskizun batean terrorismoa gora zutelakoan, Dignidad y Justiziak bi titiriteroren kontra jarritako kereila zabaldu egin du. Oraingoan, delitu bera egotzita, Alberto San Juan eta Gloria Muñoz aktoreen kontrako salaketa jarri du talde horrek. Titiriteroei babesa adierazteko, atxilotu eta egun batzuetara, Muñozek eta San Juanek kereila eragin zuen obra berbera antzeztu zuten Madrilen.
Alberto San Juan eta Gloria Muñoz aktoreei ere terrorismoa goratzea leporatu die Diginidad y Justiziak.
Ismael Moreno epaileak bi titiriteroak behin behinean espetxeratzeko agindua eman zuen, otsailaren 6an. Handik egin batzuetara, eta gaiak gizartean polemika handia piztu ondoren, aske uztea agindu zuen. Hain zuzen, polemika horren erdian antzeztu zuten San Juanek eta Muñozek antzezlan bera.
Madrilgo inauterietan antolatutako ikuskizun batean, Titeres desde Abajo antzerki konpainiako bi kidek Sorgina eta Don Kristobal izeneko txotxongilo ikuskizuna eskaini zuten Madrilen. Antza, ikuskizunean panpinetako batek "Gora Alka-ETA" lelodun kartel bat erakutsi zuen. Plazara bertaratutako umeen gurasoek Polizia ohartarazi zuten eta bi lagunak atxilotu egin zituzten.