Politika -
Auzitegi Gorena
Alberdi eta Narvaezen aurkako 296 urteko espetxe-zigorra berretsi dute
Auzitegi Gorenak frogatutzat eman du Itziar Alberdik eta Juan Jesus Narvaezek bi polizia hil zituztela 1991ko ekainaren 12an, Madrilen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Gorenak berretsi egin du Auzitegi Nazionalak Itziar Alberdi eta Juan Jesus Narvaez Goñiren aurka ezarritako 296 urteko espetxe-zigorra, 1991ko ekainaren 12an bi polizia hiltzeagatik, Madrilen.
Bi hilketa delitu, hamar hilketa saiakera eta kalteak eragitea leporatu zieten biei. Garraio enpresa batera igorritako lehergailu bat indargabetzeko ahaleginean hil ziren Espainiako bi poliziak.
Atentatu beragatik zigortu zuten Jose Luis Urrusolo Sistiaga presoa ere.
Horrez gain, 350.000 euroko kalte-ordainak ere eman beharko dizkiete bi polizien familiei. Ildo berean, leherketan zauritutako hamar pertsonei kalte-ordainak eman beharko dizkiete, baita Poliziari ere, bere ibilgailuetan eta ekipoetan kalte materialak eragiteagatik.
Horrenbestez, Auzitegi Gorenak frogatutzat eman du Itziar Alberdik, Jose Luis Urrusolo Sistiagak eta Juan Jesus Narvaezek ETAko komando bereko partaide izan zirela.